TAO/OTA aparkaleku sistema ostegunean jarriko da martxan

2016/12/12
Card image cap
Bertakoentzako txartelak udaletxeko sarreran eskuragarri daude jada

  145en bat eskaera jaso dira Bidebarrieta kalean eta Aita Mortara eta Aita Madina kaleetan bertakoentzat gordeko diren aparkalekuak erabili ahal izateko. 108 onartu dira eta 35en bat berriz atzera bota dira. Kasu gehienetan baimentzea eskatzen zen ibilgailua ez dagoelako aurre ikusitako kaleetan erroldatuta. Onartu diren eskaeren inguruko informazioa udaletxeko harrera-bulegoetan emango da eta onartu direnei autoan jarri beharreko txartela ere bertan eskuratuko zaie. Ibilgailuen erroldagatik atzera bota diren eskaerak zuzentzeko, hau da, autoa eskatzailearen helbidean erroldatzeko urtarrilaren 31ra arteko epea eman da. Aldaketa ziurtatzen denean txartela jaso ahal izango da.

  Bertakoen guneetan aparkatzeko txartelak orain jaso arren, dagokien udal tasa, 50 €, otsailean kargatuko da.  Izan ere, ostegunean jarriko da martxan TAO edo aparkaleku mugatu sistema berria. Horrek esanahi du propio markatutako zonaldetan gehienez 60 minutuz utzi ahal izango dela autoa. Denbora hori pasata, ibilgailua beste zonalde batetara aldatu beharko da.

  TAO/OTA sistema doakoa da eta aparkalekuetan ibilgailuen errotazioa erraztea du helburu. Horretarako, TAO makinak jarri dira eta ostegunean aktibatuko dira, autoa aparkatuta, parkimetroan eskuratuko dugun papertxoa hartu eta kotxean, leku agirian, jarri dezagun. Udaltzainak arduratuko dira aparkatzeko denbora muga betetzen dela egiaztatzeaz.

Parkimetroak orain aste batzuk dela jarri ziren. TAO guneak berriz, bihar-etzi markatuko dira. TAO aparkalekuak marra urdinez margotuko dira eta 60 minutu adierazten duten ikurrak ere zoruan margotuko dira. Bertakoentzako gordeko diren 67 aparkalekuetan BR letrak zuriz margotuko dira. Seinale bertikalak ere jarriko dira.

  Abenduaren 15ean sartuko da indarrean aparkalekuen errotazio sistema berria. Gaurdanik jada, bertakoentzako txartelak udal bulegoetan jaso daitezke.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!