Tabako kerik gabeko astea hasi da gaur Debagoienan.

2014/05/26
Card image cap
Oñatin, asteak, Osasun Zentroan martxan den prebentzio eta laguntza programarekin bat egin du.

  Tabako kerik gabeko aste honetan, informazio guneak jarriko dira Debagoienean herririk herri aldatuko den karpa erabiliz. Oñatin ordea ez da halakorik jarriko eta anbulatorioan jada martxan duten laguntza programan txertatu dute sentsibilizazio aste berezi hau.

  Anbulatorioan hilabeteak daramatzate erretzaileei zuzendutako laguntza programa eskaintzen. Helburua, noski, erretzeari uztea. Hala egin nahi duenak, osasun zentrora deitu besterik ez du egin behar eta programan laguntzen duten profesionalekin, medikua edo erizainarekin, harremanetan jarriko dute. Tabakoa uzteko gidak prestatu dituzte eta laguntza pertsonala behar duenak ere izango du hartarako aukerarik.

  Anbulatorioan ez ezik, zenbait udal eraikinetan ere jarri dira “tabako kerik gabeko” asteari dagozkion kartelak. Bertan, osasun etxeko telefono zenbakia agertzen da: 943 035 430 zenbakia. Anbulatorioan bertan dauden pantailetan ere, erretzeari uzteko laguntza programaren berri ematen duen informazioa jarri da.

  Baina tabako kerik gabeko aste honetan bereziki gazteengana iritsi nahi da. Jendea 14 eta 16 urte bitartean hasten da erretzen; 15 eta 24 urte bitarteko gazteen artean, neska erretzaileak gehiago dira. Adin tarte horretako 5 nesketatik batek erre egiten du. Horren harira, Europa mailako Kerik gabeko gelak ekimena gurean ere martxan da. Oñati, Arrasate, Bergara eta Eskoriatzako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren mailetako gazteek hartu dute parte. Guztira, 400ne bat gazterekin lan egin da, tabakoaren gaia landu da eta erretzeak inongo abantailarik ez duela ikusarazi nahi izan zaie. “Kerik gabeko gelak” ekimen honen helburua, ikasleen artean tabakismoa gutxitzea da.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!