Oñatiko udala

Sorturen birfundazioaren eztabaida eta bozketa epea irekita dagoela jakinarazi du Oñatiko Sortuk

2016/11/10
Card image cap
"Zohardia" ponentziaz eztabaidatzeko prozesua hilaren 26ra arte luzatuko da

  Zohardia da hain zuzen ere, araudian ezarritako baldintza guztiak betetzen dituen ponentzia bakarra Berme Batzordeak jakinarazi zuenez. Honen inguruan eztabaidatzeko partehartu.sortu.eus aplikazioa prestatu da eta bai web atarian baita herriz herri ere, eztabaidarako epea azaroaren 26ra arte luzatuko dela azpimarratu du Oñatiko Sortuk. Era berean, zuzendaritzarako aurkeztu den ekipo bakarrak bere burua publikoki pasa den astean aurkeztu zuela gogorarazten du Sortuk zabaldutako oharrak.

  Zohardia ponentzia bozkatzerakoan, BAI, EZ edo TXURI bozkatu ahal izango dela zehazten da oharrean. Hala, ponentziari baiezkoa emanez gero Zuzendaritza Ekipoa bozkatu ahal izango da, hemen ere, BAI, EZ edo TXURI adieraziz. Bozka honetan,  Ekipo Nazionala lehenik hautatuko da eta norbere herrialdekoa ondoren. Sorturen eztabaidan parte hartu eta bozkatu ahal izateko izena eman behar da partehartu.sortu.eus web aplikazioan edo norbere herrian, Parte Hartze arduradunaren laguntzaz.

  Prozesu honen berri emanez eta bide batez Zohardia ponentziaren gako nagusiak aurkezten, herririk herri dabiltza zuzendaritza ekipoko hautagaiak. Ione Etxeberria eta Haimar Altuna Bergaran izan ziren atzo, eta bihar, Arkaitz Rodriguez Arrasateko Kulturaten egongo da. 18.30tan hasiko den agerraldi irekian, ponentzia berriaz izan daitezkeen zalantzak argitu ahal izango direla azpimarratzen du Oñatiko Sortuk.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!