Singular Dendak programari jarraipena emateko hitzarmena berritzea erabaki du udalak

2020/02/19
Herriko bost komertzio ari dira formazio eta marketing-a lantzen, Merkatari Federazioarekin

  Singular dendak egitasmoaren helburua  tokian tokiko denden lehiakortasuna hobetzea da. Horretarako, saltzaileen konpetentziak, saltokia eta erakusleihoak eta komunikazioa hobetzeko tresnak lantzen dira. Hainbat formazio saio egiten dituzte dendariek eta aholkularitza partikularra ere jasotzen dute.

  Programa Gipuzkoako Merkatari Elkarteak 2014an sortu zuen eta 2017an Debagoienera zabaldu zen, Arrasate eta Oñatiko udalen lankidetzaz. Azken bi urteetan luzatuaz joan da lankidetza eta horren haritik, Oñatiko sei komertziok Singular denda izendapena dute gaur egun eta beste bost bide horretan lanean ari dira jada.

  Orain arteko lanari segida eman asmoz, udalak lankidetzan jarraitzea erabaki du eta Singular dendak programa babestuko du 2020an ere, 3.000 euroko ekarpen ekonomikoa eginez. Aurtengo lanak hiru ardatz bilduko ditu: Singular Dendak programaren edizio berria martxan jarri, bereizgarria duten Singular dendei zuzendutako ekintzak gauzatu eta bereizgarri hori herrian ezagutzera emateko ekintzak egin.

  Lehen urratsa izaten da aipatu ditugun hiru ardatzetatik oinarrizkoa, merkatari berriak animatu eta parte hartzeko bidean jartzea, alegia. Hauekin, fase ezberdinak betetzen dira Singular denda izendapena eskuratzeko helburuarekin: diagnostikoa egiten da lehenik, hobekuntza plana zehaztu eta horretan lagunduko dion aditu batekin jarraipena egiten da eta azkenik, ebaluazioa eta errekonozimendu fasea.

  Une honetan bost dira formazio eta marketing prozesu horretan murgilduta dauden herriko dendak.   

Iturria:Oñati Irratia

Singular denden azken izendapena