"Singular Dendak" izeneko programaren aurkezpena egin da gaur

2017/07/18
Herriko merkatariak egitasmoan parte hartzera gonbidatu dira

  Singular dendak programa Gipuzkoako Merkatari Elkarteak 2014an sortu zuen. Helburua, tokian tokiko denden lehiakortasuna hobetzea da. Horretarako, saltzaileen konpetentziak, saltokia eta erakusleihoak eta komunikazioa hobetzeko tresnak lantzen dira. Urtebeteko iraupena duen programa da eta 2014-2015 ikasturtean lehen proba pilotua egin ondoren, lurraldeko komertzioetara zabaltzen ari dira. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz laguntzen duen programa baita.

  Ekainean izan zuen udalak eta Txanda elkarteko zuzendaritza batzordeak programa honen berri, Maite Balmaseda Gipuzkoako Merkatari Elkarteko zuzendariaren eskutik. Herriko dendari guztiei zuzenduta aurkezpen ekitaldi irekia egitea adostu zuten eta gaur eguerdian gauzatu da. Singular denadak programa honetan parte hartu ahal izateko oinarrizko baldintza batzuk eskatzen dira, dendak eta bertan lan egiten dutenek gutxienez bi urteko antzinatasuna izatea esaterako. Baina egitasmoak dituen helburuez, parte hartzeko baldintzez nahiz urteko programazio eta dedikazioaz argibideak eman dira gaurko aurkezpenean. Bide batez, parte hartzeko gonbidapena egin zaie herriko dendariei.

  Udalak, egitasmoa babestea erabaki du eta parte hartzen duen komertzio bakoitzeko 400 euro inguruko diru laguntza emango du. Oñatiko udalaren antzera Arrasatekoak ere programa ekonomikoki babestea erabaki du eta horregatik, 2017-2018 ikasturtera begira, Singular dendak egitasmo hau bi herriotan gauzatu asmoa da. Aipatu programa diruz laguntzeko hartutako erabakiaren berri osteguneko Osoko Bilkuran emango zaio udalbatzari eta Oñatiko dendetan ere programa garatu dadin udalak eta Gipuzkoako Merkatari elkarteak lankidetza hitzarmena sinatzea proposatuko da.

Iturria: Oñati Irratia