Sharon Stoner taldea agertokietara itzuliko da

2017/01/11
Card image cap
Urtarrilaren 29an Donostiako Le Bukowskin joko dute eta otsailaren 11an Antixena gaztetxean

  Sare sozialen bidez jakinarazi dute Sharon Stoner taldekoek itzulerako berria. Geldialdi luze baten ondoren berriro bueltan direla iragarri dute eta datozen hilabeteetan bost kontzertu emango dituztela aurreratu dute. Oraingoz horietako hiruren datak eta lekuak jakinarazi dituzte: urtarrilaren 29an, Donostiako Le Bukowski aretoan; otsailaren 11n, Antixena gaztetxean, eta martxoaren 18an, Ordiziako Oianguko Maldan Gora aretoan. Hiru kontzertuotan Tutan Come On taldearekin partekatuko dute eszenatokia.

  Sharon Stoner taldea 2001ean osatu zuten Iñigo Ibarrondok, Mikel Zarketak eta Egoitz Olaldek. Beste talde batzuen bertsioak egiten hasi baziren ere, laster ekin zioten beren kantuak sortu eta jotzeari. 2003. urtean Euskadi Gazteako maketa lehiaketako finalista izan ziren eta hurrengo urtean I. Danbaka lehiaketa irabazi zuten. 2006an Bilbo Hiria lehiaketan euskal talderik onenaren postua lortu zuten eta IV. Azkena Rock Jaialdian parte hartuko zuten Pearl Jam taldearekin batera.

  Sharon Stonerek hiru disko ditu: 3000 bira, 13 taupada eta Puntu bakar batean elkartzen diren ertzak. Azken hau 2012an argitaratu zuen. Ondoren, geldialdia egitea erabaki zuten nahiz eta taldekideak beste proiektu batzuetan murgilduta egon diren. Orain, Sharon Stonerek eszenatokietara itzulera iragarri du.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!