Senarrari haginka egin eta labanaz erasotzen ahalegintzeagatik 13 hilabeteko kartzela zigorra jaso du Oñatiko emakume batek

2017/04/25
Bi urtetan beste lege hausterik egiten ez badu ez du kartzelara joan beharko

  Auzitara eraman den gertaera 2016ko urtarrilaren 1ean 8:00ak aldera jazo zen. Bikoteak hitzezko tirabira hasi zuen baina eraso fisiko bihurtu zen, sententzian jaso denez. Emazteak hainbat ukabilkada eman zizkion senarrari aurpegian eta bularraldean haginka egin zion. Ondoren, sukaldetik 10 bat zentimetroko ahoa zuen labana hartuta senarra erasotzen saiatu zen hil egingo zaitut esatearekin batera. Gizonak eutsi eta labana kendu zionean emaztea sofan jazarri eta negarrez hasi zela dio sententziak. Borroka bikotearen bi seme-alabek, 6 eta 7 urtekoek ikusi zutela ere zehazten da idatzian.

  Epaiketan zehar fiskaltzak eskatutako zigorrarekin ados agertu zen  emakumea. Tratu txar eta mehatxu delitua leporatu zaio buruko nahasmen iragankorra aringarriarekin. Ondorioz, 13 hilabete eta 15 eguneko kartzela zigorra jaso du eta ezin izango du erasotutako gizonarengana hurbildu  edo berarekin harremanetan jarri lau urteko epean. Sententziak gainera kartzelara joan beharrik ez izatea jasotzen du, beti ere, datozen bi urteetan beste lege hausterik egiten ez badu.

  Efe agentziak zabaldu duen berriaren arabera zigortutakoa Oñatin bizi den emakume bat da eta erasoa bikotearen Oñatiko etxean gertatu zen.    

Iturria: Oñati Irratia