Selma Huxley-k hunkituta eskertu zuen Udalak ostiralean eskaini zion omenaldia

2016/04/25
Oso pozik hartu du Udalak, bere izena eramango duen beka sortu izana

  Udalerriko emakumeen historia berreskuratzeko ikerketa beka da Selma Huxley Barkham izena eramango duena. Laster argitaratuko dira historia genero ikuspegitik aztergai izango duen beka honetarako oinarriak. Baina  ostiralean egin zen hitzaldi-omenaldian alkateak ofizialki iragarri zuen ikerlari ingeles-kanadarraren izena eramango duela.

  Michael Barkhamek, Selmaren semeak eman zuen hitzaldiaren amaieran azaldu zen bekaren berri eta Sancti Spiritus unibertsitateko areto nagusian zegoen Selma Huxley-k hunkituta txalotu zuen iragarpena. Eskertuta berba egin zien komunikabideei.

  Historia genero ikuspegitik berreskuratzea helburu duen beka sortuz eta honi Selma Huxley Barkhamen izena emanez, Euskal Herriko eta Kanadako historiaren ezagutzan egin duen lan sakona eskertu eta aitortu nahi dio Udalak.

  Selma Huxleyk 20 urte eman zituen Oñatin bizi eta ikertzen, 1973tik 1992ra. Gipuzkoako Protokolo Historikoen Artxiboan eta beste hainbat artxibotan egindako ikerketei esker aurkikuntza historiko eta arkeologiko garrantzitsuak egin zituen. Ordura arte itzalean zegoen Euskal Herriko eta Kanadako historiaren atal bat ezagutzea lortu zuen, aurkitutako milaka dokumenturen bidez, bereziki XVI. mendeko Ternuako balea eta bakailaoaren euskal arrantza edota mende hartan hondoratu zen San Juan galeoiaren arrastoak. Gaur egun, Albaola itsas faktorian egiten ari diren erreplikaren jatorrizko ontzia. 1981. urtean Kanadako Gobernuak Kanadako Ordena eman zion bere lan aitzindariagatik eta 2014an,  Eusko Jaurlaritzak Euskal Herriak Lagun Onari saria.

Iturria: Oñati Irratia