Segurtasun neurri zorrotzak gordeaz egin da azoka

2020/04/11
Card image cap
EH Bilduko gobernu taldea kexu da baserritarren produktuen salmenta zuzeneko azoken kontra Lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzak argitaratutako dekretuarekin

  Zapatuetako baserritar eta nekazarien azoka Zubikoako kantxa urdinean egin da, azken asteetan bezala, segurtasunerako beharrezko neurriak hartuta: bi metroko gutxieneko distantzia mantendu da ekoizleen eta kontsumitzaileen artean, ezin zitezkeen elikagaiak ukitu, kontsumitzaileek eskuak garbitu beharra izan dute sartu aurretik, bereizita izan dira sarrera eta irteera, uneoro kontrolaturik egon da kantxa urdineko pertsona kopurua, ekoizleek maskarilla eta eskularruekin jardun dute… Herritarrek zorrozki bete dituzte segurtasun neurriak eta EH Bilduko udal gobernu taldeak  eskerrak eman gura izan dizkie “erakusten ari diren arduragatik”. Gaurko azokan hamalau ekoizlek hartu dute parte eta 360 herritar inguru bertaratu dira.

  Udal gobernu taldeak azaldu duenez azokak debekatzen zituen dekretua atzera bueltarako aukera gutxi zeudela iritsi zen. Jaiegun bezpera izanik, ordurako antolatua genuen gaurko azoka, nekazari eta baserritarrek jasoa zuten abisua, prest zituzten euren produktuak. Bertan behera uzteak, prestatutakoaren zati handi bat hondatzea ekarriko luke, besteren artean. Oso kaltegarria litzateke eurendako, bide zail honetan traba berri bat argitu du. 

  EH Bilduko taldea kexu azaldu da baserritar eta nekazariek euren produktuen salmenta zuzenerako darabilten azoken kontra Iñigo Urkullu lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzak asteon argitaratu duten dekretuarekin. “Emergentzia egoeran berebiziko garrantzia du kalitatezko elikagaiak herritarren eskura jartzeak, lehen mailako beharra da” gaineratu du. Eta ez du ulertzen, supermerkatuak eta establezimendu handiak jendez lepo dauden garaiotan, azokako saltzaile txikiei oztopoak jarriz Eusko Jaurlaritzak darabilen jarrera. Bide horretan, herriko ekoizleen eta saltzaile txikien alde egiten segitzeko konpromisoa berretsi du.

  Gobernu taldea ez dator bat COVID-19ak eragindako emergentzia egoeran Eusko Jaurlaritzak lehen sektorearen kalterako hartu dituen bestelako erabakiekin: Lehen sektoreko langileei, eta, ogibide ez izan arren, jaki propioak ekoizteko edo hazteko hautua egin duten nekazari zein baserritarrei oztopo ugari jarri zaizkie, animalien eguneroko zaintzarako trabak, ortuko eguneroko lanaren debekua… Guztiz ulergaitzak egiten zaizkigu azken asteetan hartu diren erabakiak.

  Gobernu taldeak zabaldu duen oharrean kezka  ere azaldu du Eusko Jaurlaritza erakusten ari den aldebiko aurpegiagatik: Lehendakaria ozen azaldu zen beharrezko ez diren jarduerako enpresen hamabost eguneko itxiera agintzen zuen dekretuaren kontra eta haiei irtenbide azkarra emateko lanean jardun zuen, tematuta. Baina ez zuen jarrera bera erakutsi herriko komertzioak eta ostalaritza establezimenduak ixteko erabakia heldu zenean. Horiek guztiak ez al dira ehun ekonomikoaren parte? galdetzen du udal gobernu taldeak eta zaurgarrienak, orain zaurgarriago direla adieraziz amaitzen du idatzia.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!