Santiago egunez ez da artisau azokarik egingo Arantzazun aurten.

2013/07/17
Horretaz arduratzen den ARTaSO elkarteak, Lope de Agirreren inguruko hamabostaldia antolatzen dihardu buru belarri.

  Ia ohitura bihurtu da uztaila amaieran, Santio egunaren inguruan Arantzazun egiten den artisau azoka. Aurten ordea, halakorik ez egitea erabaki dute antolatzaileek, une honetan, beste ekimen bat aurrera ateratzen buru belarri baitabiltza: Lope Agirrekoaren figura gogora ekartzeko hamabostaldia, alegia.

  ARTaSO elkarteak orain bospasei urte ekin zion Arantzazuko artisau azoka antolatzeari, Arantzazuko ingurua, arte sorkuntza eta zabalpenerako gune gisa aldarrikatuz. Hitzordua, Santio eguna edo inguruko jai egunean egin zuten. Eguraldi eskaxak hala eraginda, urteren batean urrira atzeratu beharrean izan baziren ere. Aurten ordea, ez Santiotan ezta urrian ere ez da egingo, taldea, beste zeregin batzutan murgilduta baitago.

  Iazko urrian jada Lope Agirrekoaren figura ezagutzera eman asmoz, halako jardunaldi bereziak gauzatzeko asmoa aurreratu zuen ARTaSO elkarteak. Ospakizun horien aurrerapen gisa, Lope de Agirre kalearen bi muturretan oñatiarra gogora ekartzen duten plaka bana jarri ziren. Aurtengo urrirako berriz, dibulgazio ekintza ezberdinak prestatzen ari dira.

  Udal gobernu taldeari aurkeztu dioten egitasmoan, bi film emanaldi, beste horrenbeste hitzaldi edo mahai inguru eta Loperen bizitza azalduko lukeen antzezlan baten emanaldia jaso da. Urriaren 14tik 27ra erakusketa bat ere jarriko da Kultur Etxean.

  Lope Agirre Oñatin jaio zen Felipe II.ari idatzi zion gutunean berak aitortzen zuenez. Historia ofizialak gaizkile eta matxinotzat jo duen oñatiar honen figura ezagutaraztea da ARTaSOren helburua egitarau berezi hau antolatzerakoan. Agirre noiz jaio zen ziurtatzerik ez dago, baina orain 500 bat urte izan zitekeela pentsatzen da. Hil berriz, 1561eko urrian hil zuten. Hori gogoan, ekintzak, urrian egitea pentsatu da.

  Aipatu ekintza programak 1.840 euroko aurrekontua lukeela jakinarazi zaio udalari, hartarako diru laguntza eskatuz. Honek, onartu egin du eta %60a aurreratuko dio orain antolakuntza taldeari. Behin ekintzak burutu eta fakturak aurkeztuta, gainontzeko %40a emango diola aginduta.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!