Santa Marinako arropa eta ehunkien azoka, merkatu plaza ondoan izango da bihartik aurrera.

2012/10/19
Jakien eta arropa azoken arteko sinergia sustatu nahi da horrela.

  Plazako aparkalekua zena kentzeak ekarriko duen aukera da, aurrerantzean, azokako saltzaile guztiak inguru berean egongo dira: fruta, barazki, lora eta bestelako produktu freskoak saltzen dituztenek estalitako merkatu plazan jarraituko dute eta arropa eta ehunkiak saltzen dituztenek, alboko zabalgunea hartuko dute.

  Guztira, orain arte Santa Marinan egon diren 16 saltzaileak dira merkatu plaza ondora etorriko direnak. Postuak nola jarri erabakitzeko hainbat bilera egin dituzte eta asteazkenean neurketak egiten bertan izan ziren. Saltokiak ez ezik, furgonetak ere gunera sartzeko baimena eman die udalak, askok, ibilgailua arropa probatzeko erabiltzen baitute.

  Leku aldaketa honekin, jakien eta arropa azoken arteko sinergia bultzatu nahi da, fruta edo gazta erostera doanak arropa postuetara ere hurbildu dadin eta alderantziz.

  Ez da lehen aldia ehunkien azoka eta jakiena elkarren ondoan daudela. Orain 20 bat urte, Santa Marina berritu zutenean ere hango postuak merkatu plaza aldamenera ekarri ziren. Orduan, ordea, plazaren bestaldean, kiroldegi aldean jarri zituzten. Bidebarrietako etxaldea egin aurretik izan zen eta dirudienez, esperientzia ez zen espero bezain ona izan.

  Orain, foruen enparantzatik segidan kokatzean emaitza hobea izango dela uste da. 

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!