Santa Marina arean sestrapeko 20 garaje egiteko lanak hasi berri dira.

2013/01/08
Gerriko kantoia mugatzen duen horma eta bertan dagoen arkua, bere horretan mantentzeko baldintza jarri du Foru aldundiak.

  Promotore pribatu baten ekimenez ari dira Santa Marina area horretan, sestrapeko garajeak egiten. Angorri S.L enpresa da hain zuzen ere, lanaren arduradun. Pasa den astean jada, lur kentze lanak hasi ziren.

  Garajeak, Gerriko kantoia eta Lope Agirre kaleen artean dauden ortuetan egingo dira. Lurrazpiko garajeak izango dira eta ondorioz, lanak amaituta, egungo ortuak mantenduko dira. Proiektua, bi fasetan garatzea aurre ikusten da. Orain, lehen faseari dagozkion lanak egiten ari dira. Lehen fase honetan, 20 garaje itxi egingo dira.

  Santa Marina arean sestrapeko garajeak egiteko baimena eman aurretik, udalak, dagokion espedientea Foru Aldundiari igorri zion. Oñatiko herrigune historikoa monumentu multzo kategoriarekin kultur ondasun kalifikatuta baitago.

  Diputazioko kultura, gazteria eta kirol departamentuak, lanen aldeko txostena egin zuen baina bi baldintza jarrita. Batetik, Gerriko Kantoia mugatzen duen horma eta bertan dagoen arkua, ahal den neurrian bere horretan mantendu beharko direla eta bestetik, arotzeria eta babes metalikoen kolorea, inguruan dauden antzeko elementuekin bat etorri beharko dutela.

  Lanak egiteko udal baimena ematerakoan, diputazioak jarritako baldintzen berri eman zitzaien promotoreei.

  Lanak esan bezala, pasa den astean hasi ziren jada. Udal baimenaren arabera, gehienera, 18 hilabeteko epean egin beharko dira, baina okerrik ezean, urte eta erdiko epe hori baino lehen amaituko dira.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!