Santa Ana antzokiko erreteila egiteko bi hilabete izango ditu Ugarte eraikuntza enpresak

2016/06/21
Lanak, ia 188 mila eurotan esleitu dira

  Publizitaterik gabeko prozedura negoziatua erabili du Udalak, Santa Ana eraikineko erreteila lanak esleitzeko. Hiru enpresa gonbidatu ziren prozeduran parte hartzera, eta eskaintza ekonomiko merkeena egin duenari esleitu zaizkio. Ugarte enpresak, 187.572 eurotan egingo ditu lanak. Ordainketa, eraikina erabiltzen duten bi erakundeen artean egingo dute: Txantxiku ikastola eta Udalaren artean, alegia. Bakoitzak duen teilatu zatia kontutan hartuta egin da ordaindu beharrekoaren banaketa. Hala, ikastolak, 20.580 euro ordainduko ditu eta Udalak, 166.992 euro. Aipatu kopuru horiei BEZa batu behar zaie.

  Udalak, lanak esleitzeko baldintza plegoan, lanak bi hilabeteko epean egin beharko liratekeela jaso zuen, ikasturte berria hastear dagoenean amaituta egon daitezen. Eta hori da, Ugarte enpresak onartu duen denbora epea.
Ostiralean jada, lanetarako beharrezkoa den garabia muntatu zen Santa Ana eraikinaren ondoan. Era berean,  teilatua eraberritzeko lanen osasun eta segurtasun koordinatzailea izendatzea onartu zen azken Tokiko Gobernu Batzarrean. Lanak beraz, hasteko moduan dira. Irailerako, beranduenera, amaituta egon beharko dira.

Iturria: Oñati Irratia