Saneamendu sareko zati bat konpontzeko lanak egiten ari dira Zubibarri parean, errekan.

2013/04/16
Bide batez, ur handi garaietan inguruko garajeetara ura sartu ez dadin prebentzio lanak egingo dira.

  Gipuzkoako Urak enpresa ari da aipatu konponketa eta prebentzio lan horiek egiten.

  Neguko ur handien ondorioz, saneamendu orokorrean hainbat kalte gertatu ziren Zubibarri parean. Atzo hasi ziren kalteak konpontzen eta horretarako, hondeamakina txiki bat errekan sartu zuten.

  Kaltetutako saneamendu zatia konpondu ez ezik, halako ur handiak gertatzen direnean inguruko garajeetara ura ez sartzeko prebentzio lan osagarriak ere egingo dituzte. Zubibarri zubi inguruan dauden hainbat etxeetako garajeak, errekaren mailan edo maila baxuagoan daude eta batzuetan, erreka hazita etorri denetan, ura sartu izan zaie. Arazoa konpontzeko hainbat neurri hartu izan dira lehenago ere, baina saneamendua konpontzeko lan hauek aprobetxatuz beste lan osagarri batzuk egingo dira.

  Bizpahiru egunetan luzatuko dira Gipuzkoako Urak enpresa Zubibarri zubi inguruan egiten ari den lanak. Errekan bezala, espaloian ere hainbat lan txiki egingo dira. Baina printzipioz, ez diote ez trafikoari ezta oinezkoei ere, ezertan eragingo.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!