San Prudentzioko autobus geltokian komunak jartzea eskatuko zaio berriro Foru Aldundiari

2017/01/26
Elorregiko auzo-alkate eta auzo-elkarteak udaletxera igorri zuten eskaera Diputaziora bideratuko da

  Aipatu eskaera Oñatiko udalari ez ezik, Bergarako eta Arrasatekoari ere helarazi diete Elorregiko auzo-alkateak eta auzoko elkarteko ordezkariak. Elorregiko autobus geltokian komunak jartzea eskatzen dute, bai autobusa hartzera bertara doazenentzat baita bidegorrian zehar dabiltzanentzat ere. Komunak jarrita, inguruak garbiago eta osasuntsuago egongo direla argudiatzen dute.

  Autobus geltokia, Oñatik, Bergarak eta Arrasatek muga egiten duten gunean egonagatik, geltoki eta zerbitzuaren eskumena Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Garraio Publikoko Departamentuak du. Ondorioz, udaletxean jaso zen eskaera Diputaziora bideratzea erabaki zen azken Tokiko Gobernu Batzarrean.

  Ez da lehen aldia San Prudentzioko autobus geltokia txukundu eta komuna jarri dadin eskatzen dela. Lehenago ere, gaia aztertu zuen BiziPoz egitasmoko talde batek halako proposamena helarazi zion Udalari. Orduan ere, Mugikortasuneko eta Garraio Publikoko Foru Departamentuari birbidali zitzaion.

Iturria: Oñati Irratia

San Prudentzioko bus geltokia (Arg: DV)