San Migel jairik ez da izango aurten baina Azoka Kultura Gunea irekiko da irailaren 26tik urriaren 11ra

2020/09/23
Card image cap
Adin guztietako herritarrentzat kultur eskaintza berezia izango da datozen hiru asteburutan

  Aurretik jakina zen aurten ez zela San Migel jairik ospatuko, ez behintzat ohikoa zen formatuan. Covid-19ak eragindako osasun egoerak zuhurtziaz jokatzea eskatzen baitu. Zentzu horretan herritarrei zuzendutako oharra idatzi eta zabaldu du Iñaki Olalde Kultura Batzordeburuak.

  Oharrean zehazten duenez egoerak muga asko jarri dizkigu, zintzoki bete behar ditugunak behingoz arazo honi aurre egin nahi badiogu. Horregatik aurtengo jaiekin ahaztu eta gomendatutako osasun neurriak hartuz gaur gaurkoz egin dezakegun bizitzaz gozatzera gonbidatzen gaituzte Udaletik. Era berean, eta ekainean eta uztailean egin zen bezala, irailean eta urrian ere kultura herritarren eskura jartzeko egitarau berezia prestatu dutela jakinarazten du Kultura Batzordeburuak bere idatzian. Azoka Kultura Gunea egitaraua, irailaren 25etik urriaren 11ra burutuko da, asteburutan nagusiki, eta bertan txertatu dira adin guztietako herritarrei zuzendutako kultur eta aisialdi ekintzak.

  Irailaren 26tik urriaren 6ra, San Migel eta Errosarixo jaixek iraungo luketen epean alegia, OÑATI BEGI BISTAN argazki erakusketa izango da plazako arkupetan, Ilunpetan taldearen eskutik, ohi bezala. Larunbatean bertan, plaza ondoko jolaslekuan muntatzen ari diren karpan Ongi etorri, lagun haurrentzako ikuskizuna izango da, 17:00tan, eta AMAK taldearen kontzertua, 20:00tan. Saio eta saio artean gunea hustu eta garbituko da. Igandean berriz, San Martinen, 7 eta 12 urte bitarteko gaztetxoentzat Abentura parkea izango da, osasun neurri guztiak hartuta, eta plazako karpan, 13:00tan, VOCES RIBERAS taldearen jota emanaldia eta 19:00tan Iker Lauroba & Beste urtaroak taldearen kontzertua. Irailaren 29a , San Migel eguna, Txistularien goiz-eresiaz iratzarriko da. Goizean zehar 3-8 urte bitarteko haurrentzat tailerrak egingo dira Merkatu plazan eta Musika Bandak urtero eskaini ohi duen kontzertua emango du. 19:00tan, Puro Relajo taldearen kontzertua izango da karpan. Asteburu honetan eta San Migel egunez izango diren ekitaldietarako txartelak, www.oñati.eus atarian eta Txokolateixan eskuragarri daude jada. Ekitaldi bakoitzeko 200 sarrera jarri dira, guztiz doan.

  Hurrengo bi asteburuetan ere izango dira ekintzarik. Horietarako sarrerak, astetik astera jarriko dira eskuragarri. Hona hemen egitarau osoa: https://www.oñati.eus/eu/udal-zerbitzuak/kultura/azoka-kultur-gunea

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!