San Migel jaietako programaren azala aukeratzeko lehiaketa abian da

2015/06/15
Lehiaketa, 18 urtez gorako artista denei zuzendu zaie eta bi sari emango dira

  Azken urteetan sari bakarra banatu den arren, partaideak animatzearren, aurten bi sari ematea erabaki dute antolatzaileek. Bi sari eta hauek aukeratzeko bi bide jarraituko dira. Lehen saria, adituz osatutako epai mahaiak emango du eta bigarrena berriz, herritarren botoz erabakiko da. Lehen sariaren irabazleak 300 euro eta 200 txantxi jasoko ditu eta bigarrenak, beste 200 txantxi.

  Jaixetako egitaraua irekiko duen irudi lehiaketan 18 urtez gorako edonork har dezake parte. Lanetan erabiliko den teknika librea izango da baina derrigorrean, “OÑATIKO JAIXAK 2015” idatzia agertu beharko da. Lanen tamaina ere mugatu da eta 50 X 70 zentimetroko neurrian eta formatu bertikalean egin beharko dira.

  Lanak, egilearen sinadurarik gabe aurkeztuko dira. Lan bakoitza identifikatu ahal izateko, lanek, atzealdean lema bat eraman beharko dute. Eta lanekin batera, lema berbera daraman sobre itxi batetan egilearen datuak eta nortasun agiriaren fotokopia jaso beharko dira.

  Lanak Kultur etxean entregatu beharko dira eta horretarako epea, uztailaren 17an amaituko da, uztailaren 17ko eguerdiko ordu batetan.

  Nagusien maila honetan lehen saria lortzen duenak, sari ekonomikoaz gain bere lana herriko etxe guztietara zabalduko den jai programaren azalean ikusiko du. Bigarren saria nori eman beeriz, herritarren esku egongo da. Aurkezten diren lan guztiak Kultur Etxean ikusgai jarriko baitira, uztailaren 22tik 29ra herritarrek bozka ditzaten.

  18 urtez gorakoei zuzendutako lehiaketa nagusi honezaz gain, haur eta gazteen partaidetza sustatzeko asmoz , aparteko deialdia egin da 18 urte bitarteko artistei zuzenduta. Sail honetan, nahi den teknika erabili ahal izango da eta lanak, gutxienez, A4ko neurria izan beharko du eta “Oñatiko jaixak 2015” idatzia ere agertu beharko da. Aurreko kasuan bezala, lanarekin batera egilearen datuak jasoko dituen sobrea aurkeztu beharko da. Haur eta gaztetxoen kategoria honetan, aukeratutako lanaren egileak saria materialetan jasoko du. Oparia aukeratzerakoan egilearen adina kontutan hartuko da. Kasu honetan, saritutako lana ez da jai egitarauaren azalean agertuko baina argitaratu daiteke.

Iturria: Oñati Irratia

2014ko jai egitarauaren azala