San Martingo etxebizitzen kudeaketan Bilduren udal gobernuak arauak hautsi dituela dio Oñatiko EAJ taldeak

2014/03/25
Jeltzaleen proposamenak etxeen erosleei ia 3 milioi euroko aurrezkia ekarriko liekeela dio komunikabideetara zabaldutako oharrak.

  EAJ-PNVren udal taldeak salatu du, Bilduren gobernuak hartutako erabakiak ez dituela betetzen babes ofizialeko etxebizitzen inguruko egungo arauak. Lourdes Idoiagak, jeltzaleen udal bozeramaileak argitu duenez, San Martingo promozioari dagozkion arauetan, babes ofizialeko portzentajea erabakitzeko kalkulu-oinarria ez dagokio eraikigarri den azalerari etxebizitza kopuruari baizik. Idoiagak dionez, Bilduk onartutako proposamenaren arabera, hasieran aurreikusita zeudenak baino 49 etxebizitza gehiago eraikiko dira. Kasu honetan jarraitu beharreko araudiaren arabera, 49 etxebizitza horien %65a, hau da, 32 etxebizitza, babes ofizialekoak beharko lukete eta ez libreak.

  EAJ-PNVren udal taldeak prentsa ohar bidez berretsi du aurrez plenoan esan zuena. Alegia, Bilduren kudeaketa txarraren ondorioz araudia hautsi ez ezik, 32 familia kaltetuko direla, familia horiek beren etxebizitza dagokien salneurria baino %70 garestiago ordaindu beharko baitute. Bilduko gobernuaren erabakiak, guztira, 2 milioi eta 900 mila eurotako gizarte aurrezkiari uko egitea ekarriko du jeltzaleen esanetan.

  Lourdes Idoiagak argitu duenez, jeltzaleen proposamena sozialagoa da, araudia betetzen du eta oñatiarrentzat mesedegarriagoa eta juxtuagoa ere bada. EAJk, 132 etxebizitzetatik 32 babes ofizialekoak izatea proposatzen du. Hauen bataz besteko salneurria 129 mila euro pasatxokoa litzateke, eta libre kontsideratzen diren gainontzeko 100ena ia 220 mila eurokoa litzateke. Salneurri hori ere mugatua litzateke, babes ofizialekoen prezioari ehuneko 70a erantsita.

  EAJren udal taldearen iritziz, egindako proposamena, gizarte ikuspegitik aurreratuagoa da. Etxebizitza San Martinen erosiko dutenek ia 3 milioi euro gutxiago ordainduko lituzketelako eta gazteentzat  babes ofizialeko etxebizitza gehiago egongo liratekeelako.

Iturria: Oñati irratia