San Martingo Eguneko zentroa gaur ireki da berriro eta egoitzako egoiliarrek lehen bisitak jasotzen hasi dira, ia hiru hilabeteren ostean

2020/06/08
Eguneko zentroko erabiltzaileen itzulera modu mailakatuan egiten ari dira

  San Martin egoitza eta Eguneko zentroko erabiltzaileak babeste aldera martxoan hartu ziren neurriak arintzen hasi dira gaur. Egun berezia dute San Martinen; egoiliarrak senitartekoen bisita jasotzen hasi dira goizean eta Eguneko zentroa erabiltzen duten 10 lagun berriro itzuli dira, 12 asteren ondoren.

  San Martin egoitzako bi egoiliarrek asteetan izan ez dituzten senitartekoen aurrez aurreko bisitak hartu dituzte goizean. Oraingoz, astean behin eta pertsona bakar eta beraren bisita jasoko dute, Foru Aldundiak zehaztu duen protokoloa jarraituz. Egoitzako sarreratik hurbil dauden bi gela propio prestatu dira egoiliarrek bisitariak jaso ditzaten.

  Bisitariei gel hidroalkoholikoa eskainiko zaie eskuak garbitu ditzaten, zapatak desinfektatzeko gunetik pasa daitezen eskatuko zaie eta tenperatura hartuko zaie, kalenturarik ez badute barrura sartzen utziko zaielarik. Musuko edo maskara eraman beharko dute. San Martinen duen senitartekoarekin aurrez aurre egongo da baina bi metroko distantzia gordetzen dutela ziurtatzeko mahai bat izango dute tartean. Gehienera, 45 minutuko bisitak izango dira, eta oraingoz, esan bezala, astean behinekoak. Bisita amaituta, aretoa guztiz desinfektatuko da hurrengorako gertu utziz.

  San Martingo egoilarrei bisita egitera edozein egunetan joan ahal izango da baina ordutegi jakinean, 10:00tatik 13:00tara edo 16:30tatik 19:30tara. Bisitariak ez pilatzeko senitartekoek hitzordua aukeratu dute eta bakoitza noiz eta norengana joango den zehaztu dute jada. Lehenengo bi bisitak gaur goizean bertan egin dira.

  Albi berean, San Martingo Eguneko zentroa goizean berriro ireki da lehenengo 10 erabiltzaileekin. Eguneko zentroak erabiltzaileen % 70eko mugarekin irekitzeko gomendioa eman zuen Diputazioak. Baina Oñatikoa oso zabala da eta erabiltzaile guztiak hartzeko nahikoa leku eskaintzen duenez, denak itzuli ahal izango dira. Hori bai, txandaka, 10eko taldetan itzuliko dira.

  Taldeak osatzeko senitartekoekin berba egin eta kasu bakoitza baloratu da, premiaren araberako lehentasuna finkatuz. Lehenak gaur hasi dira eta hurrengo bi taldeak datozen bi astelehenetan itzuliko dira. Aurrez, Eguneko zentroa berrantolatu dute eta bi modulu berezi dituzte. 15na lagun egongo da modulu bakoitzean eta guztien osasuna bermatzeko beti talde berbera izango da, ez dira nahastuko

Iturria: Oñati Irratia