San Martingo baratza parkean libre dauden 14 aisialdi ortuak esleitzeko prozedura abian jarri da

2016/02/19
Card image cap
Eskaerak egiteko epea martxoaren 7an amaituko da

  San Martingo aisialdiko baratza ekologikoak esleitzeko hainbat deialdi egin eta prozesu burutu diren arren, 14 ortu esleitu gabe daude. Orain, Alkate Dekretuz, libre dauden aisialdi ortu horiek adjudikatzeko prozedura berria abian jarri da. Aurrekoetan bezala, oinarrizko baldintza batzuk bete behar dira ortuen zozketa eta esleipenean parte hartu ahal izateko: udalarekiko zergak edota beste motako betebeharrak egunean izan behar dira, familia unitatearen kideak ezin dute beste baratza ekologiko baten erabiltzaile izan eta esleipen baimenak irauten duen bitartean Oñatin erroldatuta egon beharko da, errolda aldaketak, ortua lantzeko baimena galtzea ekarriko duelarik. Eskaera adin txikiko batek egiten badu, aitak, amak edo tutoreak abalatu beharko du eta heldua izango da arduraduna.

  Lursailen erabilera urtebeterako lagako du udalak eta urtez urte luzatu ahal izango da lagapena, gehienez, bost urteko mugarekin.

  San Martingo baratze parkean libre dauden 14 ortuek 30 metro karratu dituzte bataz beste. Ortuak zozketaz esleituko dira.

  Ortuen onuradunek , 70 euroko kuota ordaindu beharko dute urteko errenta kontzeptuan eta horri, beste 70 euroko fidantza batu behar zaio, udal jabaria egoki erabiliko denaren berme gisa. Izan ere, baratze parkean hainbat gune eta azpiegitura komun baitaude, aldagelak, komunak eta tresneria gordetzeko biltegi etxolak, besteak beste. Era berean, dagoeneko ortuen erabiltzaile direnek osatu duten taldean parte hartuko da.

  San Martingo baratza parkean libre diren aisialdi ortuen esleipenean parte hartu nahi duten herritarrek, eskaera, udal bulegoetan aurkeztu beharko dute. Eskaera orriekin batera, nortasun agiriaren fotokopia eraman behar da. Eskaerak egiteko epea martxoaren 7an amaituko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!