San Martingo babes ofizialeko 39 etxebizitzen zozketarako onartuen behin-behineko zerrendak osatu dira jada.

2012/03/20
San Martin 6-7-8 izango direnetan 45 etxebizitza eraikiko dire eta horietako 39 izango direla zozketaz esleituko diren babes ofizialeko etxeak. Zerrendak Udaleko webgunean, Santa Ana aretoko beiratean eta udaletxeko iragarki taulan ikusgai jarri dira.

   2 dira oraingoz osatu diren zerrenda probisionalak. Bost kide edo gehiago dituzten familia ugariena batetik eta kupo orokorrekoa bestetik. Lehenean, 2 eskaera daude eta bigarrenean beste 131. Behin behineko zerrenda honetan ez da elbarrituren eskaerarik jaso, beraz, aurre ikusita zegoen kupo berezi hori oraingoz hutsik dago. Baina atzo arratsaldean ikusgai jarri ziren zerrenda hauetan egon daitezkeen akatsak zuzentzeko 15 lan eguneko epea ireki da. Apirilaren 4an amaituko da erreklamazioetarako epe hori.
Aldi berean, eta apirilaren 4ra arte baita ere, bi logeladun etxeen kupo berezian parte hartu nahi dutenek udaletxean izena emateko epea dute.

   San Martingo babes ofizialeko etxebizitza hauen zozketak izango duen berezitasun nagusia, bi logelako 6 etxebizitza aparteko kupoan esleituko direla da. Bi logelako beste bi etxebizitza eraikiko dira baina hauek printzipioz mugikortasun arazoak dituztenentzat bereziki egokituko dira.

  2 logeladun etxebizitzek 55-57 metro karratu inguru dituzte. Solairu bakoitzeko C ateak dira eta eskaileren aurrez aurre kokatuko dira. Etxebizitzen planoak udaleko hirigintza departamentuan ikusgai daude, kupo berezi honetan sartzeko eskaera egin ala ez erabaki ahal izateko. Eskaera horiek, hirigintza departamentuan bertan aurkeztu behar dira, baita, zozketarako onartuen behin behineko zerrendarekiko erreklamazio idatziak ere. Udaleko hirigintza departamendua, udaletxeko lehen solairuan dago eta astelehenetik ostiralera, goizeko 9etatik ordu-bitara irekitzen da. Apirilaren 4ra arte dauden bi zapatutan ere izango da zuzenketak egin edo 2 logeladun etxebizitzen kupoan sartzeko eskaera egiteko aukera, baina kasu horretan, bulego orokorretara bideratu beharko da. 

  ETXEBIDE zerbitzutik pasa den ostiralean jaso zen oinarrizko zerrendan 400nen bat izen agertzen ziren. Erdiak gutxi gora behera ez zeuden Oñatin erroldatuta eta zuzenean zerrendatik kendu dira. Baita, aurreko zozketetan etxea tokatutakoak edota uko egindakoak ere. Eta azkenik, geratzen zen zerrendan, Oñatin 2010eko martxoaren 2a baino lehen erroldatuta ote zeuden begiratu da. Deskarte guzti horiek eginda, 133 eskaerako behin-behineko zerrenda geratu da eta horixe da publiko egin dena.

  Zerrenda hori www.oinati.net udaleko web orrian, Santa Ana aretoko kristaleran eta udaletxeko iragarki taulan ikusgai dago.