San Martingo aisialdi ortuen zozketarako behin-behineko zerrenda argitaratu da

2019/01/25
Card image cap
44 eskaera egin dira eta guztiak onartu dira

  44 ortu dira San Martingo baratze parkean libre daudenak, okerrik ezean beraz, aisialdi ortu bat landatzeko eskaera egin duten herritar guztiek halako bat jasoko dutela esan genezake. Baina argitaratu den zerrenda behin behinekoa da. Horrek esanahi du alegazioren bat egon litekeela. 10 eguneko epea dago erreklamazioak aurkezteko. Behin epe hori beteta eskatzaileen behin betiko zerrenda argitaratuko da eta zozketarako eguna ere jakinaraziko da. Onartu diren eskatzaileen zerrendak udaletxeko iragarki taulan eta udal web atarian daude ikusgai.

  2014an eman zen erabilpen baimena iraungita duten 40 ortuak eta esleitu gabe zeuden beste 4 erabiltzeko baimena ematea da urtarrila hasieran egin zen deialdiaren helburua. Ortuak, urtebeterako lagatzen ditu udalak baina erabilera baimena urtez urte luzatu daiteke, lau urteko mugarekin. San Martingo aisialdi ortuak lantzeko eman ziren lehen baimenak abenduaren 15ean iraungi ziren. Eta horiek erabili zituztenetako asko dira baimen berria eskatu dutenak.

  Ortua eskuratzen duten herritarrei 5 euroko kuota kobratuko die udalak urteko errenta kontzeptuan. Horri, San Martingo ortuen erabiltzaileen elkarteak kobratzen duen kuota batu beharko zaio, erabiltzaileen elkarte hori arduratzen baita baratze parkeko gune eta tresneria komunen kudeaketaz. Auzolan saioak, formakuntza ikastaroak eta bestelakoak ere antolatzen ditu elkarteak. Baina guzti horren inguruko informazioa emango da ortuen zozketarako egiten den batzarrean. Eguna oraindik finkatzeko dago baina otsaila hasieran izatea aurreikusten da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!