San Martinetik Murgiara doan auzo bidea trafikorako itxi dute gaur goizean

2015/04/13
Bi aste hauetan Murgiara iristeko Berezaotik barrena joan beharko da

  San Martin auzoaren goialdean karabanentzako gunea nahiz aparkalekua prestatzeko lanak osatzen ari dira eta ondorioz, Murgiara doan errepidearen lotura ere egokitu behar da. Euriteen ondorioz jausi zen Murgialdai baserrirako bide zatia ere konpontzen amaitu behar da. Azken lan hauek egin eta ingurua asfaltatu ahal izateko, autoen joan etorria mugatzea ezinbestekoa zen eta hori egin da gaur goizean bidea trafikorako itxiz. Printzipioz bi astez luzatuko den neurri honek ez du aparteko eragozpenik sortuko, San Martin etxalderako bidea zabalik dagoelako eta Murgia auzora Berezaotik barrena joan daitekeelako. San Martinetik Murgia auzorako bidea trafikorako itxita dagoela adierazten duten seinaleak jarri ditu Udaltzaingoak.

  San Martin sektoreko urbanizazio lanak bi astetan amaitzea aurre ikusten da, beti ere, eguraldiak laguntzen badu.
Eta eguraldiaren menpe eta hartarako udalak kontratatu duen enpresaren beste konpromisoen menpe daude herri barruan egingo diren kaleen asfaltatze lanak ere.

  Hasiera batetan, San Martin goialdeko lanak aprobetxatuz, herriko hainbat gunetan aste honetan asfaltatze lanak egingo zirela iragarri zen. Badirudi ordea, lanak, astebetez atzeratuko direla. Hartarako kontratatu zen enpresak bete beharreko beste konpromiso batzuk dituelako. 

  Herri gunean egingo diren asfaltatze lanak Bidebarrieta kalean, Santa Marina plazan eta Aita Madina kalean bilduko dira nagusiki. Bidebarrietan,  oinezkoentzako pasabideak egokitzeko lanak amaituko dira Zurrust taberna eta Bellotza denda aurrealdeko pasabideen kota igoaz. Santa Marina plazan, Pakita altzariak denda aurrealdean dauden zulo handiak estaliko dira eta beste horrenbeste egingo da Aita Madina kalean, bereziki aparkaleku aldea asfaltatuz. Herrian zehar dauden beste zulo batzuk ere beteko dira.

 

Iturria: Oñati Irratia

 

 

San Martingo karabana gunea