San Martinen tiroz zaurituta agertu zen belatzaren kasua ikertzen ari da Gipuzkoako fiskaltza

2016/06/08
Card image cap
Eguzki taldeak jarri du salaketa, Oñatiko Naturzaliak elkartearen testigantzan oinarrituta

  Gipuzkoako fiskaltzak onartu egin du Eguzkik jarritako salaketa eta ikertzeari ekin dio. Horretarako,talde ekologistak aurkeztutako txostena eskuratu du. Oinarrian, Oñatiko Naturzaliak elkartearen testigantza eta gertaera garaian zabaldutako salaketa-datzia dago.

  Gertaera apirila amaiera aldera jazo zen. San Martinen, tirokatuta eta zaurituta zegoen belatza bat topatu zen. Igeldoko Arrano etxera eraman zuten osatu eta askatzeko asmoz, baina hil egin zen. Falco peregrinus espezie babestuko eme heldua zen tirokatutakoa. Garaiari erreparatuta beraz, litekeena da, txitaren bat zuen belatz handia izatea.

  Eguzkik bidali duen prentsa oharrean dioenez, salaketaren helburua gertaera ikertzea da, jakinik, belatza bota zuena aurkitzea zaila izango dela. Baina delitua badagoela eta ikertu egin behar dela dio Eguzki taldeak. Izan ere, botatako belatza, bereziki babestutako hegaztia da, bakana edo arraro moduan jasota baitago EAE-ko babestutako espezien zerrendan. Horri erantsi behar zaio, apirila ez dela ehiza garaia gurean eta ezin dela eskopeta erabili, Oñatiko Naturzaliak taldeak bere idatzian salatu zuenez.

  Gaia, epaitegietan dago, fiskaltzak salaketa onartuta ikertzeari ekin baitio.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!