San Martinen "Baratzeko pikua" jolas gunea prestatzeko lanak lizitaziora atera berri dira

2018/07/09
Interesa duten enpresek abuztuaren 10a arteko epea dute eskaintzak udal bulegoetan aurkezteko

  Baratzeko pikua izeneko egitasmoa Olaran paisaia proiektu orokorreko zati da. San Martin auzoan haur eta gaztetxoei zuzenduta hainbat elementu interaktibo bilduko dituen gunea sortzea da helburua. Horretarako auzoko erdigunean dagoen espazioa egokituko da. 18 eta 20 etxe blokeen artean hutsik dagoen orubean jolas gune alternatiboa sortuko da.

  Jolas gunera goiko plazatik sartu ahal izango da, bertan dagoen baranda  etenaz. Txirrista baten bidez, edo honen alboetan egokituko diren egurrezko eskaileretatik, iritsiko dira haurrak jolas gunera. Bi zoladura mota izango ditu parkeak: jolaserako guneak areaz estaliko dira eta gainontzekoa pinu-azal txikituarekin osatuko da. Espazioaren erdian ur-iturri bat jarriko da, eta iturriaren inguruan forma borobileko asfaltozko gunea egongo da, eta bertan, kare-harri handiak jarriko dira, zirkulu kontzentrikoak irudikatuz, kromlech baten moduan. Hauen inguruan neumatiko handiak egongo dira, batzuk hutsik, eta besteetan lore usaindunak landatuko dira. Baina landare berezi horiez gain hainbat fruta-arbola ere landatuko dira, gaztetxoek fruta zuhaitzetik zuzenean hartu eta jateko aukera izan dezaten. Horren harira jarri zitzaion jolas guneari Baratzeko pikua izena. Jolas gunean rokodromoa eta beltzez margotutako pareta ere prestatuko da, arbel erraldoi moduan erabili ahal izateko.

  Errepide aldeko espaloitik ere egongo da jolas gunerako bigarren sarrera bat. Lur tontorrek mugatuko dute sarrera hau eta pergola moduko bat eratuko da, landare igokariz estalita, haurrek gordeleku moduan erabili dezaten. Haurren sormena sustatu eta natura nahiz gaztetxoen artean interakzioa lantzeko aukera emango duen espazioa prestatzea da asmoa.

  Lur Paisajistak enpresak osatu zuen Baratzeko pikua jolas gunearen proiektua eratzeko lanak lizitaziora atera berri ditu udalak. Lanak bi hilabeteko epean egin beharko dira eta aurrekontua berriz, ia 164.500 euro da.  Enpresek, gehienezko lizitazio prezio horren azpiko eskaintzak aurkeztu beharko dituzte. Proposamenak egiteko epea abuztuaren 10ean amaituko da. Argibidetarako, udaleko web atariko Kontratatzailearen profila atalera jo behar da.

Iturria: Oñati Irratia