San Martin egoitzan ez da grebarik egingo bihar

2018/09/27
Card image cap
Aita Menni enpresak astelehenean hartuko du bere gain egoitza eta eguneko zentroaren kudeaketa integrala

  ELA sindikatuak greba deitu du Gipuzkoako egoitzetan. Sektoreko lan baldintzak hobetzeko greba deialdia urte amaiera arteko hainbat egunetarako egin du eta lehena, bihar, irailaren 28rako. ELAko ordezkariak San Martin egoitzan egon ziren azalpenak ematen baina jaiak tarteko, Oñatin biharkoa egun berezia dela jakinda. Jai ospakizunak prestatu dituzte San Martinen: Txantxikuaren jaitsiera irudikatuko dute 16:30tan eta ondoren, musika eta dantza emanaldia izango da Pake Leku elkartekoen laguntzarekin. Ondorioz, ez da grebarik egingo San Martin egoitzan eta ohikoa baino jarduera biziagoa izango dute gainera, bertako egoiliarrek.

  Bestelako nobedaderik izango da San Martinen datozen egunotan, egoitza eta eguneko zentroaren kudeaketa integralaz Aita Menni enpresa arduratuko baita astelehenetik aurrera. Orain arte bi zentroek independenteki funtzionatu dute, elkarren ondoan egon eta kolektibo berberaren beharrei erantzuten dioten arren. San Martin egoitzan bertan gainera, hainbat enpresa arduratzen ziren zerbitzu ezberdinez eta Fundazioa zen sukaldeaz, garbitasunaz edota harrera zerbitzuaz arduratzen ziren enpresekin kontratu bana zuena. Aurrerantzean, eta astelehenetik aurrera, kudeaketa bateratua izango da San Martin egoitzan eta eguneko zentroan, eta Servicios Sociales Aita Menni enpresak beteko du.

  Aita Mennirekin bi urtetarako kontratua sinatu da, beste bi urtez luzatu daitekeelarik. Baina gogoratu, lau urteko tarte horretan, aldaketa esanguratsuak gertatuko direla San Martin egoitzan eta eguneko zentroan, Kabia foru erakundeak bereganatuko baititu. Uztailean gauzatu asmo zen integrazio hori atzeratu egin da eta 2019ko urte hasiera aipatzen da data berri gisa.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!