San Martin egoitzako Nagusien Astea zapatuan hasi eta hilaren 24ra arte luzatuko da

2017/11/14
Herriko hainbat talderen bisita eta emanaldiak izango dira

  San Martin egunaren bueltan antolatu ohi da izen bereko egoitzan Nagusien Astea. Oraingoan, astebetera hasiko da, azaroaren 18an, eta 24ra arte luzatuko da. Beste urte batez, herriko talde ezberdinen parte hartzeaz osatu da aste bereziaren programa.

  Nagusien Astea larunbatean hasiko da familia ospakizunarekin. Egitaraua 13:00etan hasiko den mezak irekiko du. Parrokiako koruak abestuko du urteroko ohitura berrituz. Ondoren, familia bazkaria egingo dute. Bazkari honetara, egoitzako bizilagun bakoitzak bi senitarteko gonbidatu ohi ditu. San Martingo juntako ordezkariak ere bazkari berezi honetan parte hartzen dute. Astelehenean, Jose de Azpiazu musika eskolako neska-mutilen kontzertua izango da. Asteartean, bolo txapelketa eta gaztaina erre jana egingo da. Asteazkenean, ekintza bikoitza programatu da berriro, 19:00tan, Oñati Abesbatzaren kontzertua eta ondoren, kantuz alaituriko afari merienda. Ostegunean berriz, ekintzak goiz eta arratsaldez izango dira. Goizean, bingo saio berezia eta arratsaldean Oñatz dantza taldeko neska-mutikoek erakustaldia. Azaroaren 24an amaituko da San Martingo Nagusien Astea sukaldaritzarako trebezia erakutsiz, pintxo eta postre lehiaketa egingo baitute San Martingo egoiliarrek.

  Nagusien Astea, San Martinen bertan bizi direnei zuzendutako ospakizun aste berezia da baina herritar guztioi irekita dago.

Iturria: Oñati Irratia

Musika eskolakoak San Martinen