San Martin egoitzako Nagusien Astea zapatuan hasi eta hilaren 13ra arte luzatuko da

2015/12/03
Herriko hainbat talderen bisita eta emanaldiak izango dira

  Hiru bat astez atzeratu da San Martin egoitzan ospatu ohi duten Nagusien Astea. Normalean, azaroan, San Martin egunaren inguruan izaten da baina aurten, abenduaren 5etik 13ra egingo da. Beste urte batez, hori bai, herriko talde ezberdinen parte hartzeaz osatu da aste bereziaren programa.

  Nagusien astea larunbatean hasiko da familia ospakizunarekin. Egitaraua 13.00ean hasiko den mezak irekiko du. Parrokiako koruak abestuko du urteroko ohitura berrituz. Ondoren, familia bazkaria egingo dute. Bazkari honetara, egoitzako bizilagun bakoitzak bi senitarteko gonbidatu ohi ditu. San Martingo juntako ordezkariak ere bazkari berezi honetan parte hartzen dute.

  Datorren astelehenean, bolo txapelketa egingo da eta ondoren, gaztaina erre jana. Asteazkenean, OÑATZ dantza taldeko neska-mutikoek erakustaldia eskainiko dute. Ostegunean berriz, ekintzak goiz eta arratsaldez izango dira. Goizean, bingo saio berezia eta arratsaldean Musika Eskolako ikasleen emanaldia programatu dira. Ostiralean ere bi ekintza, 19.00tan, Oñati Abesbatzaren kontzertua eta ondoren, kantuz alaituriko afari merienda. Abenduaren 13an amaituko da San Martingo Nagusien Astea. Domekan horretan, eguerdian, Musika Bandaren emanaldia izango dute San Martingo bizilagunek.

  Nagusien Astea, San Martinen bertan bizi direnei zuzendutako ospakizun aste berezia da baina herritar guztioi irekita dago.

Iturria: Oñati Irratia

Nagusien Astean San Martinen