San Martin egoitzako Nagusien astea zapatuan hasi eta astebetez luzatuko da

2019/11/14
Card image cap
Herriko hainbat talderen bisita eta emanaldiak izango dira

  San Martin egunaren bueltan antolatu ohi da izen bereko egoitzan Nagusien astea urtero. Oraingoan, azaroaren 16tik 22ra izango dira ekitaldiak. Eta beste urte batez, herriko talde ezberdinen parte hartzeaz osatu da aste berezi honen egitaraua.

  Nagusien astea larunbatean hasiko da familia ospakizunarekin. Eguneko lehen hitzordua meza izango da, 12:00tan. Parrokiako koruak abestuko du urteroko ohitura berrituz. Ondoren, familia bazkaria egingo dute. Eta bazkalostea girotzen Jabi Sound arituko da. Zapatuko bazkarira egoitzako bizilagun bakoitzak bi senitarteko gonbidatu ohi ditu. San Martingo juntako ordezkariek ere bazkari berezi honetan parte hartzen dute.

  Datorren astelehenean, Jose de Azpiazu musika eskolako neska-mutilen kontzertua izango da. Asteartean, bolo txapelketa eta txokolatada egingo da. Asteazkenean, Oñatz dantza taldeko neska-mutikoek erakustaldia eskainiko dute. Ostegunean berriz, Oñati Abesbatzaren kontzertua eta ondoren, kantuz alaituriko afari merienda izango da eta ostiralean, amaitzeko, bingo saio eta askari bereziak iragarri dira. Bingoan, opariak banatuko dira. 

  Nagusien astea, San Martinen bertan bizi direnei zuzendutako ospakizun aste berezia da baina herritar guztioi irekita dago.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!