San Martin egoitza eta eguneko zentroko arreta zerbitzuak kontratatzeko lizitazioak aurrera darrai

2017/10/19
Card image cap
Memoria teknikoen balorazioa argitaratu da eta eskaintza ekonomikoen plikak ireki dira goizean

  Oñatiko zentroak ondo ezagutzen dituzten bi enpresa dira lizitazio prozesura aurkeztu zirenak: Aita Menni eta Eulen.  Bi enpresetako langileek zerbitzu mota ezberdinak eskaintzen dituzte gaur egun egoitzan eta eguneko zentroan. Eskaini asmo duten zerbitzuaren inguruko memoria teknikoa osatu zuten enpresek eta horixe baloratu berri du hartarako izendatu zen adituen batzordeak. Proposamenaren ikuspegi orokorra baloratu da eta beste zenbait arlo konkretu ere bai: lan programa, kudeaketa eredua, hizkuntza berdintasuna, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, zentroa mantentzeko plana eta informazio sistemak. Puntuazioak oso parekatuta egon dira baina bereziki baloratu diren 7 arloetatik seitan Servicios Sociales Aita Menni enpresa gailendu da, Eulen Servicios Sociosaniarios SArekiko 5.4 puntuko aldea ateraz.

  Baina esleipen prozesua ez da amaitu, gaur goizean eskaintza ekonomikoen plikak ireki baitira. Eskaintza ekonomikoak beste 49 puntu eskuratzeko aukera emango die enpresei. Beraz, orain arteko puntuazioa irauli daiteke. San Martin egoitza eta eguneko zentroko arreta zerbitzuaren kontratuak pisu ekonomiko handia du. Udalak zehaztu duen aurrekontua 5.500.000 euro pasa da urteko.

  San Martin egoitzan aldundiarekin hitzartutako 77 plaza daude egun baina datorren urtean beste sei sortzea aurre ikusten da. Eguneko zentroan berriz, atzo aurreratu bezala, 30 plaza izango dira azarotik aurrera. Bi zerbitzuetako erabiltzaileei osoko arreta ematea da martxan den lizitazio prozesuaren bidez udalak lotu nahi duena.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!