San Martin Covid gabeko egoitza da berriro

2021/02/01
Gabonetan gaixotu zen egoiliarra, osatuta, egoitzan da ostiralaz geroztik

  Antigorputzen proba gaindituta ostiral arratsaldean itzuli zen San Martingo egoitzara Gabonetan gaixotu zen azken egoiliarra. Oñatiko adinekoen egoitza Covid-19 gabeko egoitza da berriro.

  Gabonen bueltan lau positibo izan ziren San Martin egoitzan baina berehala atzeman ziren eta Ordizia eta Eibarko erreferentziazko zentroetara eraman ziren gaixotutako egoiliarrak, Covid agerraldia zabaltzea saihestuz. Egoiliarretako bat egun gutxira zendu zen baina beste hirurak osatu eta San Martinera itzuli dira jada.

  Egoiliar nahiz langileak, Covid-19ari aurre egiteko txertoaren bigarren dosia hartzearen zain daude orain.Otsailaren 5 eta 9an izango da, azken orduko aldaketarik ez bada. Gero, inmunizazioa ziurtatzeko 15 bat egun pasa beharko dira. Epe hori beteta, pandemia dela eta egun indarrean den egoitzako protokoloa arintzea espero dute bertako arduradunek. Une honetan San Martin egoitza eta inguruko zelaitik kanpora ezin dute irten egoiliarrek eta bisitak ere mugatuta dituzte. Litekeena da neurri horiek arintzea, baina ez da berehalakoan izango.

Iturria: Oñati Irratia