San Martin auzoa 6 zenbakian Babes Ofizialeko 6 etxebizitza eta garajeen adjudikaziorako oinarrien alegazio edota iradokizunetarako epea ireki da apirilaren 29ra arte.

2013/04/04
Esleipenerako oinarriak udal bulegoetan ikusi daitezke.

  Azken Osoko Bilkuran onartu ziren, hasiera bateko izaeraz babes ofizialeko 6 etxebizitza hauek zozketa eta esleipena arautuko duten oinarriak.

  Horretarako, San Martin auzoko gainontzeko Babes Ofizialeko etxebizitzen zozketa arautzeko erabili den baldintza zerrenda oinarri gisa hartu da eta orain esleituko diren sei etxebizitzetara egokitzeko aldaketa batzuk egin dira.

  San Martin auzoko 6 zenbakian dauden sei etxebizitza hauen zozketan parte hartu ahal izateko, Oñatin, 2 urteko antzinatasunez erroldatuta egon behar da. Epea zehazteko, iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den eguna hartzen da kontutan. Gaur bertan publikatu denez, 2011ko martxoaren 27a baino lehen Oñatin erroldatua egotea eskatuko da. Horrezaz gain, ETXEBIDE zerbitzuan 2012ko abenduaren 1a baino lehen izena emanda egon behar da eta diru sarrerei dagokienez, 2011koak  hartuko dira kontutan.

  San Martin auzoan zozkatuko diren babes ofizialeko 6 etxebizitzak, 3 logelakoak dira. Bost, beheko solairuan dauden eta seigarrena, berriz, lehenengoan.

  Orain, hasiera bateko izaeraz onartu diren esleipenerako oinarriak udal bulegoetan eskuratu daitezke. Ikusi eta alegazio edo iradokizunen bat egin nahi duenak, apirilaren 29ra arteko epea du. Jasotako alegazioak aztertu eta argitu ondoren, adjudikaziorako oinarrien dokumentua osorik argitaratuko da Gipuzkoako boletinean. Bitartean, ETXEBIDEn izena emana duten oñatiarren zerrenda eskatuko da eta zozketarako prozedura martxan jarriko da. San Martin auzoa 6 zenbakian eraikitzen ari diren Babes Ofizialeko 6 etxebizitza eta garajeen zozketa, ekaina inguruan egitea espero da.  

Iturria: Oñati irratia