San Lorentzoko irisgarritasun lanekin jarraituz, hirugarren igogailua jarriko da, goialdeko azken aurreko plazatxoan, Aldapa taberna ondoko plazatxoan.

2013/06/07
Horretarako, plaza azpian dagoen garaje bat desjabetuko da.

  Maiatzeko osoko bilkuran jada, San Lorentzoko 3. area moduan sailkatuta dagoena irisgarritasun neurrietara egokitzeko proiektua gauzatzeko beharrezkoak diren lurrak eskuratzeko desjabetze espedienteari hasiera ematea erabaki zuen udalbatzak.

  Proiektuaren lan nagusia, igogailua jartzea da, lehendik jarrita dauden bien bidea osatuko lukeen hirugarren igogailua jartzea.

  Proiektuaren helburua, San Lorentzo Auzoa 45-47 eta 53-54 zenbakien plazen arteko desnibelari irtenbidea ematea du. Horretarako bi aukera aztertu dira: arrapala egin edo igogailua jartzea. Bi plazen arteko desnibela handia dela kontuan hartuta, hori leuntzeko arrapala oso luzea egin beharko litzatekeela ikusi da. Aukera horren aurrean, igogailua jartzea hobe dela ondorioztatu da.

  Auzoan hirugarrena izango den igogailu publiko hau jartzeak ia 165 mila euroko aurrekontua du. Proiektuaren arabera, igogailua jartzeko plaza azpian dagoen garaje pribatu bat okupatu beharra dago, bertan, igogailuaren zuloa egingo litzatekeelarik. Baina egun jabetza pribatukoa den garajea okupatzeaz gain, zimenduak jartzeko eta igogailuaren zuloa egiteko, aipatutako garaje pribatuen zoruan eta sabaian lanak egin beharko dira. Gainera, argi-indarra zein telekomunikazio loturetarako hodiak, garajeen sabaitik bideratzea aurre ikusten da.

  Guzti hori egin ahal izateko, lurrak eskuratzeko desjabetze espedienteari hasiera ematea erabaki zen azken osoko bilkuran.

  Horrelako espedienteek behar izaten duten tramitazioa betetzen den bitartean, berriz, udalak, aipatu garaje pribatu horretako jabeekin harremanetan jarriko da, garajeek duten ur filtrazio arazoa konpontzeko. Garajeen sabaia, plazoleta zorua denez, iragazgaizte lanaren kostua, garaje jabeen eta udalaren artean ordaindu behar da. Egokiena, igogailua jarri eta iragazgaizte lanak, denak batera egitea da.

  Lanak egiteko eperik ez dago oraindik. Aurtengo aurrekontuetan jasota daude baina udazken aldera, urrian edo hasteko asmoa dago. 

Iturria: Oñati irratia