Oñatiko udala

San Lorentzo auzoan komun publiko bat jarriko da.

2012/05/24
Komuna jolas parketik gertu, autobus geltoki ondoan kokatuko da.

  Udal gobernu taldeak, sektorean diharduten hiru enpresei lanetarako proposamenak aurkeztea eskatuko die. Izan ere, lanen esleipena, publizitate gabeko prozedura negoziatuz egingo baita. Hala, arloko hiru enpresa esan bezala, lehiaketan parte hartzera gonbidatuko dira.

  Gaia, azken tokiko gobernu batzarrean eztabaidatu zen eta Olakua edo San Lorentzo auzoen artean, komuna, azken honetan, San Lorentzoko jolas parketik hurbil jartzea erabaki zen.

  Jarriko den komunaren ezaugarriak ere zehaztu ziren. Printzipioz, Postetxe aurrealdean, autobus geltoki nagusiaren ondoan jarri zenaren pareko litzateke. Kabina bakarrik garbitzekoa, erabilera anitzekoa eta desgaitasun bat duten pertsonek erabiltzeko modukoa izan beharko da. Materialak kalitate onekoak ere izan beharko dira, iragazgaitzak, ez xurgatzaileak eta anti-bandalikoak. Komun kabinaren gehienezko pisua ere mugatu da baldintza plegoan, eta gehienez, lau tona eta erdikoa izan beharko da.

  Kabina, kanpotik altzairu herdoilgaitzekoa izango da. Komun publikoa jolas parke baten ondoan kokatuko dela kontutan hartuta, umeen pardelak aldatzeko mahaitxoa izatea ere eskatuko da.

  Plaza ondoan eta postetxeko autobus geltokian jarri direnekin herriko hirugarren komun publikoa izango den San Lorentzoko hau jartzeko lanen gehienezko aurrekontua eta lanak egiteko epea ere mugatu du gobernu taldeak. Gehienez, 48 mila euro gehi BEZa ordainduko da eta lanak, esleitu eta bi hilabeteko epean egin beharko dira.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!