San Juan kalea irisgarritasun baldintzetara egokitzeko lanen proiektua jendeagirian dago udaletxeko hirigintza departamentuan.

2013/01/23
Lanak, apirilean hasi asmo dira.

  Osasun zentroaren inguruko egokitze lanekin jarraituz, askorentzat, bertaraino joateko bidea den San Juan kalea birmoldatzeko erabakia hartu du udalak. Aurtengo aurrekontuetan jada, hartarako diru partida berezitu zen eta hirigintza batzordean, A2B arkitekto taldeak egindako proiektua begi onez ikusi da. Proposamena, biharko tokiko gobernu batzarrean aztertuko da baina lanak esleitu aurretik, herritarren iritzia jaso nahi da. Horretxegatik, proiektua jendeagirian jartzea erabaki da. Ikusi nahi duenak, udaleko hirigintza departamenduan izango du hilabeteko epean.

  San Juan kaleak irisgarritasunaren ikuspegitik gabezia ugari ditu. Espaloiak estuak dira, garajeetarako sarrerak behar bezala adierazi gabe daude espaloitik doazen oinezkoen joan-etorria oztopatuz, gainera, kalea eta zenbait atarien arteko desnibela handia eta arriskutsua da eta errepideko hainbat pasa bide behar bezala adierazi gabe daude, besteak beste. Arrisku egoera hau zuzendu eta bereziki kalea irisgarritasun baldintzetara egokitzeko, hainbat lan egitea proposatzen da.

  Udalak esku artean duen proiektuak, San Juan kalea, Gazteleku aurrealdeko zabalgunetik anbulatorio aurrealdeko errotonda bitartean egokitzea aurre ikusten du. Baina egitasmoan, San Juan kaletik Turismo Bulegora dagoen bidea eta hemendik Unibertsitate etorbidera pasatzeko zubirainoko tartea egokitzea ere aurre ikusten du.

  Proiektuan jaso den lan nagusia, San Juan kalea plataforma bakar bihurtzea izango da. Oinezko eta autoendako bideak maila berean jarriko dira, baina autoentzako sarrera mugatuz. Oinezkoek lehentasuna izango dute beraz, eta kiroldegiko lurrazpiko aparkalekura, garajeetara edo zamaketa lanak egitera doazen ibilgailuek soilik sartu ahal izango dute.

  Era berean, 4 eta 12 zenbakidun atarien artean dagoen alboko desnibela egokituko da, San Juan kalean egun dauden hainbat pasabide kenduko dira eta kalearen goialdean, Bidebarrieta kalera joateko pasabide berria egokituko da.

  San Juan kaletik Unibertsitate Etorbidera joateko lotura ere egokituko da, konkretuki, Turismo bulegora dagoen bidetik pasata. Bide honek bai San Juan aldera eta baita zubiaren inguruan, pendiz handia dauka. Hori leuntzea proposatzen da eta oztopo diren turismo bulego aurrealdeko bankuak lekuz aldatzea. 
Proiektuan, egokitze lan hauek hiru bat hilabeteko epean egitea aurre ikusten da eta 163 mila euroko aurrekontua zehaztu da.

  Baina egitasmoa bera ikusi nahi duenak, udaletxean, hirigintza departamentuan hartarako aukera dauka, Iosu Lizarralde batzorde buruak esan digunez.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!