Sahararako bidean da errefuxiatuentzako materiala

2019/05/07
629 Kg material inguru bidali dira Mahbes dairara, Oñatitik inoiz bidali den kopururik handiena

  Mahbes dairarako bidean den 11. bidalketa atzo abiatu zen Oñatitik. Herriko ikastetxeetan batutako eskola materiala eta haurtzaindegirako jostailuak dira nagusi bidalketa berri honetan. Bizikletaren bat eta bestelako material osagarria ere igorri da. Orain arte egin den bilketarik handiena da atzo kargatu zena. Izan ere, Sahararako eskola materiala biltzeko hirugarren kanpainan material asko batu baitzen. Oñatin ez ezik, Aretxabaleta eta Soraluzen ere Mahbeserako materiala jaso zen.

  Saharako errefuxiatuen kanpamenduetarako bidean doan materiala Oñatitik aurten bidaltzen den bigarren sorta da. Urtarrilean izan zen lehena eta hurrengoa, urteko hirugarrena eta azkena, irailean bidaliko da. Bidaltze gastuak udalaren eta hainbat enpresen laguntzari esker finantzatzen dira. Oñatiko udalak, Ulmak, Fagor Industrialek eta Mondragon Assenblyk diruz babesten duten elkartasun ekimena da. Hermansoloña elkarteak eskerrak eman nahi dizkie material bidalketa honetan era batera edo bestera parte hartzen duten guztiei, herritar, erakunde eta  enpresei.

  Lau urte dira jada Oñati eta Mahbes dairaren arteko lankidetza programa hau martxan jarri zela. Oñatin bizi den familia saharar baten bitartekaritzaz hasi zen.

Iturria: Oñati Irratia