Saharako kanpamenduetarako 10.000 euro bideratuko dira emergentzietarako diru partidatik

2015/12/14
Laguntza, urrian izan ziren uholdeek eragindako kalteak arintzeko izango da

  Udalak garapenaren aldeko nazioarteko lankidetzarako diru laguntzen atalean, emergentzietarako partida berezia du. Azaroan jada, diru laguntzen gaia aztertu zenean, ordura arte jaso ziren hiru eskaera babestea erabaki zen; Siriako larrialdirako 7000 euro eta beste 5000na, Nepalen izandako lurrikararen biktimentzat kanpin dendan erosteko eta El Salvadorren “El Niño” fenomenoak eragindako lehorteak kaltetutakoei laguntzeko. Baina emergentzietarako laguntzetara bideratutako diru poltsan beste 10.000 euro pasa geratu ziren.

  Berriki, Ongizate Batzordeari Saharako kanpamenduetan izan ziren uholdeen kalteak arintzeko, laguntza eskaera egin zion herritar batek. Urrian eurite gogorrak eta ondorioz uholdeak izan zituzten Saharan eta Argeliako errefuxiatuen kanpamenduetan. Lehendik prekarioa zen egoerari, buztinez egindako 2.500 etxebizitzen suntsiketa batu behar zaio. Tartean, ospitale eta ikastetxe gehienak. Uholdeek 11.000 familiari eragin diete, gutxi edo gehiago.

  Larrialdi egoeraren berri izanda, Udalak, emergentzietako diru laguntzetarako geratzen ziren 10.000 euro Saharako kanpamenduetara bideratzea erabaki du. Euskal Fondoarekin harremanetan jarrita, diru laguntza bidaltzeko hainbat bide aztertu dira eta azkenik, Tolosa Sahararekin Elkartearen bidez bidaltzea erabaki da. Zentralizatu eta bidali. Izan ere, banketxeek, diru sarrera bakoitzeko komisioa kobratzen baitute. Hala, Oñatiko Udalak eta beste zenbait udal eta erakundek emandako diru laguntzak bilduko ditu Tolosa Sahararekin Elkarteak eta diru sarrera bakarra eginda, eta ondorioz banketxearen komisio bakarra ordainduta ere bai, Frente Polisarioak Argelian duen kontu zenbakian sartuko da.

Iturria: Oñati Irratia

Uholdeak Saharako kanpamenduetan