Saharako kanpamenduetara laguntza-materiala bidali da Oñatin bizi diren saharar batzuen proposamenez

2016/01/18
Logistikoki Hermansoloña-k eta ekonomikoki Udalak lagundu dute bidalketan

  Oraingo bidalketa ez da bakarra izango aurten beste bi egitea aurre ikusten baita, apirilean hurrengoa eta iraila inguruan azkena. Udalak material bidalketa hauetarako 1000 € agindu ditu eta diru horrek hirutarako ematen du Hermansoloñatik adierazi digutenez. Izan ere, logistika gaiez, halakoetan eskarmentua duen Hermansoloña G.K.E. arduratzen ari baita.

  Hermansoloña eta Oñatin bizi diren sahararren arteko lankidetza ez da berria. Hermansoloñak orain arte nagusiki Argentinarako materiala bildu eta bidaltzeko ardura izan badu ere, elkartasun lanetan diharduten beste erakunde eta kolektiborekin aritu da, tartean, sahararrekin ere bai. Saharan urrian izan ziren uholdeak eraginda, lehendik handia zen laguntza beharra areagotu egin da. Ondorioz, munduan zehar bizi diren sahararrak behar horri erantzuteko mobilizatu dira. Oñatin, Mahbes herrixkako hainbat saharar bizi dira eta hauen ekimenez, materialez betetako 21 kaxa bidali berri dira aipatu herrira. Zapatak, arropak eta botikak bidali dira. Ia 250 kg. material.

  Oñatitik urtarrilaren 5ean irten zen laguntza-materiala furgonetaz eraman da Sahararaino. Estatutik Saharako kanpamenduetara laguntza eramaten etengabean diharduen furgoneta izan da oraingo garraiobidea. Oñatiko materialaz gain, estatuko beste hainbat herritan batu dena eraman du, une honetan dagoen laguntza beharrari ahalik eta azkarren erantzun ahal izateko. Horrek, besteak beste, iraungitze data jakina duten botikak bidaltzeko aukera ematen du eta Oñatiko farmaziek halako laguntza ematen dutenez, Argentinara bidali ezinda zegoen material garrantzitsu honi irteera eman zaio.
 

Iturria: Oñati Irratia