Ruper Ordorikak 2015eko Adarra Saria jasoko du.

2015/03/06
Card image cap
Donostiako Udalak musikariak omentzeko sortu zuen saria iaz Mikel Laboari eman zitzaion.

  Ruper  Ordorika kantugile oñatiarrak 2015eko Adarra Saria jasoko du. Iaz sortu zuen sari hau Donostiako Udalak, Donostia Kulturaren bidez eta bere helburua, euskal musikaren arloan garrantzi edo eragin bereziko ibilbidea egin duen edo egiten ari den artista bat omentzea da. Hori horrela, iazko lehen edizioan, saria Mikel Laboaren sorkuntza-lanari eta jeinuari eman zitzaion. Aurten, berriz, Ruper Ordorikari ematea erabaki du aholkularitza batzordeak, aho batez.

  Aholkularitza batzordeak arrazoi hauek eman ditu bakarlari oñatiarra saritzerako orduan: Berezko estilo moderno eta proposamen musikalari ibilbide luze eta emankorra eman izana. Ibilbide horretan, Ruperrek, Euskal Herriko abangoardiako artistekin ez ezik, beste jatorri eta tradizio batzuetako lehen mailako artistekin ere grabatu eta partekaturiko proiektuak egin izana. Jazzeko eta rock garaikideko artista amerikarrekin elkarlanak egitea eta era berean, Ruper Ordorikak euskal kantutegiaren zati garrantzitsu bat berreskuratu eta eguneratu izana dira besteak beste, onartu dizkioten merituak.

  Saria emateko ekitaldia 2015eko ekainaren 21ean egingo da Donostiako Victoria Eugenia Antzokian. Ruper Ordorikak iazko udazkenean kaleratu zuen Lurrean etzanda diskoa, eta orain zuzenean aurkezten ari da. Bihar, adibidez,  Gasteizko Jimmy Jazz aretoan kontzertua eskainiko du, 21:00etan.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!