Putzu septikoak garbitu eta nekazaritza ustialekuak modernizatzeko 2016ko diru laguntzak onartu dira

2017/02/01
Arlo bakoitzeko eskaera bana babestuko du Udalak

  Ingurumen eta Landa Garapena Batzordeak banatzen dituen diru laguntzak dira. 2016a amaitu berritan, iazko eskaerak aztertu eta ebatzi dira.

  Putzu septikoak garbitzeko diru laguntzetarako eskaera bakarra jaso zen eta baldintzak betetzen zituela ikusita, laguntza ematea erabaki da. Hartarako arautegiak egindako gastuaren erdia babesteko laguntza ematea aurre ikusten du eta hala egingo da. Eskatzaile bakar horrek 482,33 €ko diru laguntza jasoko du Udaletik.

  Nekazaritza ustialekuak modernizatzeko laguntzen lerrora berriz, bi eskaera jaso ziren. Batak ez zituen baldintzak guztiz betetzen eta prozesutik kanpo uztea erabaki zen. Besteak aldiz, baldintzak betetzen zituen baina zati batean bakarrik eta hartarako diru laguntza ematea erabaki da. Nekazaritza ustialekua modernizatzeko gastu bikoitza egin du Estenaga baserriak, hainbat animalia erosi ditu eta bigarren eskuko makina bat ere eskuratu du. Bigarren inbertsio horrek bakarrik betetzen ditu Udalak hartarako zehaztutako oinarriak eta ondorioz, makineria erostea soilik lagunduko du. Diru laguntza, aurkeztutako aurrekontuaren % 20a izango da, 3388 €.

Iturria: Oñati Irratia