Prozesuan dirauten lau hautagaiek gainditu dute kirol teknikaria hautatzeko azterketa praktikoa

2018/01/15
Card image cap
Erreklamazioetarako epea bihar amaitzen da

  Errefortzurako kirol teknikaria kontratatzeko azterketaldian bigarren proba egin zen pasa den ostegunean. Lau lagunek zuten azterketa egiteko aukera eta laurek gainditu dute, argitaratu diren behin behineko emaitzen arabera. Emaitzak kaleratuta, erreklamazioak jarri edo azterketa berrikusteko bihar arteko epea finkatu zen.

  Azterketa faseko erdimugan daude errefortzuko kirol teknikari izan nahi duten hautagaiek. Azken bi probak egitea falta zaizkie. Hurrengoa, euskarari dagokiona da eta oinarrietan eskatzen zen laugarren hizkuntza eskakizunaren pareko ezagutza dutela erakutsi beharko dute. Azken azterketa berriz, hainbat ariketa bilduko ditu, hautagaiak lanpostuaren eskakizun teknikoetara eta pertsona eskakizunetara nola egokitzen diren baloratzeko. Ondoren, azterketaldia gainditzea lortu duten hautagaien merituak baloratuko dira.

  Martxan den hautaketa prozesu honen helburua, kirol zerbitzua indartu eta eskola kirolaren koordinazio lanak egingo dituen teknikaria kontratatzea da. Lanpostua  aldi baterako bete asmo du udalak eta hasieran, urtebetean-edo gauzatuko den programa aurrera eramateko ardura hartuko du teknikari berriak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!