Proposamenak egiten eta adostasunetara iristeko bideak bilatzen jarraituko dutela adierazi dute zinegotzi jeltzaleek, 2020ko udal aurrekontuen harira

2020/01/08
Card image cap

  Abenduaren 19an onartu ziren udal aurrekontuen lanketa eta bozketaren inguruko hausnarketa publikoa egin du EAJren zinegotzi taldeak, prentsa ohar bidez. Gobernuak osatutako aurrekontu proiektuan antzeman zituzten hutsuneak bete asmoz, proposamenak betiko moduan egin zituztela gogoratzen dute jeltzaleek. Proposamen horiek udal gobernuarekin batera lantzeko helburuz egin zituztela ere zehazten da idatzian, baina ez, emendakin moduan zuzenean bozkatzeko. Gobernu taldeak duen gehiengoarekin, bere aurrekontuak aurrera ateratzeko nahikoa duenaz jakitun dira jeltzaleak baina oñatiar zati handi baten ordezkari direnez, proposamenak egitearen betebeharra duela adierazi dute prentsa oharrean. Aurrerantzean ere, hala egiten jarraituko dutela gaineratzen dute. Proposamenak egin ez ezik, adostasunetara iristeko bideak bilatzen jarraituko dutela dio EAJren idatziak, oposizio eraikitzailea egitea dagokiela argi dutelako.

  Kudeaketa ardura eta baliabideak udal gobernuak dituela dio prentsa oharrak eta proposamenak aintzat hartzea borondate politikoa besterik ez dela eransten du.

  Oñati anitz eta integratzaile baten aldeko apustua egiten dutela, guztion ikuspegia barneratuko dituena, eta guztion arteko elkarlanaren bidez hobetuko dutena diote jeltzaleen idatzian. Zentzu horretan, udal gobernuak proposamen itxiak eta bozketa bidez erabakitzeko modukoak nahi izatea aipatu aniztasuna eta elkarlanerako bidea ukatzen duela azpimarratzen du EAJren oharrak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!