Presoen urruntze politikarekin amaitu eta legedi arrunta aplikatzea eskatzen duten bi mozio onartu ziren azken Osoko Bilkuran

2021/05/04
Bi mozioak ahobatez onartu zituen udalbatzak

  Hala izango zela pentsa zitekeen, bi mozioak udalbatza osatzen duten bi taldeen babespean aurkeztu baitziren: bat, ETXERATek aurkeztutako idatzia da eta bestea, 2020ko abenduren 12an hainbat alderdi eta sindikatuk onartutako adierazpena biltzen zuena. Biek euskal presoei aplikatu ohi zaien espetxe politikari egiten diote erreferentzia.

  Etxeraten idatziak lau puntu biltzen ditu. Zigorra errotze sozial eta familiarretik gertu betetzea ahalbideratuko duen espetxe politika berri baten beharra aldarrikatzen du eta urruntzea zigor gehigarritzat hartzen du. Era berean, presoen problematikari erantzun bat ematea elkarbizitza demokratikoa eraikitzeko ekarpen garrantzitsua litzatekeela dio. Baina idatziak urruntze politikaren ondorioz orain 13 urte hil zen oñatiarra gogora dakar lehengo puntuan, Natividad Junko, hain zuzen ere, eta bere senideek pairatutako sufrimendua aitortzen du Oñatiko udalak.

  Bigarren mozioak bere egiten du 2020ko abenduaren 12an euskal alderdi politiko eta sindikatu gehienek adostutako adierazpena. Honetan ere euskal presoei espetxeetako legedi arrunta aplikatzea eskatzen da eta Covid-19aren testuinguruan bereziki premiazkotzat jotzen da Euskal Herriko espetxeetan birkokatzea. Neurri horiek elkarbizitza demokratikoa eraikitzen lagunduko lukeela ere badio adierazpenak.

  Ainhoa Galdos bozeramale jeltzaleak adierazpenarekin erabat ados zeudela azaldu zuen eta bereziki Eusko Jaurlaritzaren 2020ko apirilaren 27ko proposamena azpimarratu zuen; Covid-19aren testuinguruan eta osasun publikoa prebenitu eta babesteko helburuz, espetxeratu guztiak familia ingurunetik hurbilen dauden espetxetara hurbildu daitezela eskatzen du Jaurlaritzaren proposamenak.

Iturria: Oñati Irratia