Oñatiko udala

Postetxea itxita egongo da bihar, bulegoa lekuz aldatu eta prestatzeko

2018/06/27
Card image cap
Berritze lan sakonak egin dituzte azken hiru hilabeteotan

  Herritarrei harrera egiteko zerbitzua postetxeko karteria den gunean izan da martxoz geroztik. Bitartean, bulegoa, biltegia eta beste gune batzuk guztiz berritu dira. Lan horiek amaituta, leku aldaketa egingo da bihar. Materiala ez ezik, sistema informatiko guztia prestatu behar da. Horregatik, leku aldaketa eta egokitze lanak nahiz frogak egiteko, postetxea itxita egongo da bihar egun osoan zehar, ez da jendaurreko zerbitzurik eskainiko. Ostiralean berriro irekiko da, ohikoa den bulegoan jada. 

  Lanak guztiz amaitzeko, egun bulego gisa erabili den karteria egokitzea faltako da. Zorua berritu eta espazioa txukunduko da. Erabakitzeko dago oraindik, lanek iraun bitartean Bergarara joanez ibili diren postariak noiz itzuliko diren, hilabeteak eman baitituzte banaketa zerbitzua han gertatu eta Oñatira etortzen.

  Posta bulegoa garai bateko tren geltokira aldatu zenetik, hobetze eta egokitze lan txikiak egin izan dira, zerbitzua ahalik eta erosoena izan zedin bai erabiltzaile nahiz bertako langileentzat. Baina martxoan hasitako lanak handiagoak izan dira eta espazioa guztiz berritzea izan da helburua, bai  barrutik zein kanpotik, eraikinaren hormak ere garbitu baitira. Lan nagusiak amaituta, harrera egiteko bulego berria prestatzeko lanak egingo dira bihar. Zerbitzua ostiralean, 8:30tan irekiko da berriro. Postetxea, astelehenetik ostiralera 8:30tatik 14:30tara eta larunbatetan, 9:30tatik 13:00tara zabaltzen da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!