Postetxea guztiz berritzeko lanak hasi dira

2018/03/21
Card image cap
Banaketa zerbitzua Bergaran prestatzen da eta harrera bulegoa "karteria" zen aldean egokitu da, sarrera, eraikinaren aldamenetik dauka

  Atzo hasi ziren postetxea berritzeko lanak. Espazioa guztiz berrantolatuko da eta hasi, orain arte harrera bulegoa zena prestatzen hasi dira. Atzo, hormak botatzeko lana egin zen eta ondorioz, posta bulegoa itxita egon zen. Arratsaldean berriz,  zerbitzua zabaldu ahal izateko egokitze lanak egin ziren karteria zen aldean eta gaur goizean ireki dute. Postetxerako behin behineko sarrera, eraikinaren aldamenetik egokitu da.

  Posta bulegoa garai bateko tren geltokira aldatu zenetik, hobetze eta egokitze lan txikiak egin izan dira, zerbitzua ahalik eta erosoena izan zedin bai erabiltzaile nahiz bertako langileentzat. Baina atzo hasitako lanak handiagoak izango dira eta espazioa guztiz berrituta geratuko da, barrutik zein kanpotik, asmoa, eraikinaren hormak garbitzea ere bada eta.

  Baina postetxe zerbitzua ezin da eten, eta lanak hasi aurretik, bertako jarduna berrantolatu behar izan dute langile eta arduradunek. Hala, Oñatiko sei postariak Bergarara aldatu ziren pasa den astean. Oñatin banatu beharreko posta Bergarako bulegoan berezi eta antolatzen dute eta gero herrira etortzen dira gutunak eta bestelakoak banatzera. Bulegoko langileak berriz, karteria zeneko gunean hasi dira gaur goizean zerbitzua ematen: pakete eta gutun zertifikatuak jaso eta utzi daitezke eta posta kutxak ere bertan egokitu dira. Bestelako tramitetarako bulegoa ere espazio berean egokitu da. Behin behineko bulego hau lehengoa baino dexentez txikiagoa da baina lanak amaitu bitartean konponduko direla esan digute langileek. Sarrera, esan bezala, aldatu egin dute eta postetxera sartzeko Enpresagintza fakultate aldera dagoen aldameneko atea erabili behar da.

  Lanok hiru hilabete inguru iraungo dute, ekaina amaierara arte, gutxi gora behera.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!