Portugaleteko hilketa salatzeko elkarretaratzea deitu du Oñatiko Sare Feministak 18:30tan plazan

2017/01/12
Udalak, deialdiarekin bat egin du

  Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak egin duen protestarako deialdiarekin bat egin du Oñatiko Sare Feministak eta horren haritik baita Udalak ere. Herenegun Portugaleten izandako hilketa salatzeko elkarretaratzea egingo da plazan.

  93 urteko emakume bat labankadaz hil zuten etxean eta Ertzaintzak 56 urteko semea atxilotu zuen ama hiltzea leporatuta. Hildako emakumeak Alzheimerren gaitza zuen eta semearekin bizi zen. Mediku zerbitzuek semea larri zaurituta aurkitu zuten, bere buruari sabelaldean emandako sastakaden ondorioz. Gizonak Gurutzetako ospitalean atxilo jarraitzen zuen atzo.

  Emakumeen Mundu Martxak Euskal Herrian aurten gertatu den lehenengo hilketa matxista gisa salatu du baina erakundeek ez dute genero indarkeriari lotutako protokoloan sartu ez baita bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindakoa. Oñatin dena den, Sare Feministak eta Udalak esan bezala, hilketa matxistatzat katalogatu eta horixe salatzeko elkarretaratzea deitu dute gaur arratsalderako. Kaleetan jarri diren kartelen bidez zabaldu da hitzordua, 18:30tan plazan.

Iturria: Oñati Irratia

Hilketa matxisten kontrako elkarretaratzea