Portu kalerako trafikoa Bakardade Ama kaletik desbideratzen ari dira asfaltatze lanak tarteko

2017/09/04
Card image cap
Joan-etorriko bidea txandaka ematen da

  Goizean hasi dira hainbat kaletako zoladuran dauden zuloak estali eta bestelako asfaltatze lanak egiten. Firmes Alaveses enpresako langileak Ibarra inguruan ekin diete asfaltatze lanei. Cegasatik saihesbiderako irteera-errepidearen sakoneran, edukiontziak dauden eremua asfaltatu dute eta ondoren Aita Madina kalera hurbildu dira. Gipuzkoako Urak enpresa hobekuntza lanak egin ditu Aita Madina kalearen behealdean, Jesusen Bihotza eliza paretik Lizaur kalera bitartean. Lanak amaituta zorua asfaltatzea falta zen.

  Arratsaldeko lehen orduan berriz, langileak Portu kalera joan dira, bertako lanak gaur egitea komeni baitzen. Portu kalean egokitu gabe zegoen zebra-bidea espaloiaren mailara jaso da irisgarritasun neurriak betetzeko eta zenbait zulo estali dira. Horrek, kalea moztu beharra eragin du eta trafikoa Bakardadeko Ama kaletik barrena desbideratzea. Joan-etorritarako bidea txandako ematen ari dira eta trafikoa zuzentzen asfalto enpresako langileak ari dira.

  Asfaltatze lanok asteazkenean osatuko dira. Errekalde irteeratik Santa Marina plaza aldera doan errepidearen zorua behera etorri da bi puntutan eta hori konponduko da. Kasu horretan ez da trafikoa etengo eta bidea txandaka emango da. Ondoren, Berezao auzoan, Natra inguruan ere arituko dira errepideren zoladura konpontzen.

  Aipatu asfaltatze lanak lehenbailehen egin asmo dira. Ostegun-ostiralean ikasturte berria hasiko da herriko ikastetxeetan eta eskolako autobusak martxan jarri aurretik erdiguneko kaleak gertu utzi nahi dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!