Portu kaleko bidegurutzean dagoen ezki-arbola argiz apaintzeko inguruko bideak tarteka moztuko dira bihar goizean.

2014/12/09
Trafikoa Euskadi Etorbidetik desbideratuko da.

Pasa den astean hasi ziren hainbat arboletan Gabonetako argiak jartzen. Iaz argiztatu ziren plazako magnolioak eta Santa Ana parkeko eta Bidaurretako ostatu ondoko sequoiekin batera Portu kaleko bidegurutzean dagoen ezkia ere argiz apaintzea erabaki da. Portu kaleko arbolan lehen argitxoak ostegunean jartzen saiatu ziren baina lekua konplexua da, bidegurutzean egonik autoak etengabe dabiltzalako inguruan. Langileen segurtasuna bermatze aldera eta istripurik gertatu ez daitezen, hasierako plangintza aldatu egin da. Udaltzainekin elkar lanean, argiztatze lan horiek inguruko kaleak moztuz eta trafikoa desbideratuz egitea erabaki da.

Portu kaleko bidegurutzean, Bakardadeko Ama kalera joateko pasabidea, Mafre aurrealdeko errepide zatia itxita mantenduko da lanak egin bitartean. Baina inguruko beste kaleetako pasabidea ere tarteka itxiko da. Hala, lehenik, Bakardadeko Ama kalerako pasabidea itxiko denez, Errekaldetik behera doazen ibilgailuek, Euskadi Etorbideruntz desbideratuko dira. Ondoren, Portu kaletik Bakardadeko Ama kalerako pasabidea itxiko denez, trafikoa, bidegurutzean eskumatara, Euskadi Etorbiderantz desbideratuko da berriro. Lanok bihar goizean 8etan hasi eta goizean zehar amaitzea aurreikusten da.

Udaletxeko fatxada ere argitxoz apaintzea aurre ikusten da. Baina udaletxea ez ezik, Kultur Etxeko fatxada ere apainduko da, kasu honetan, ikasleek CDz egindako esku lanekin.

Kale Barrian, Atzeko kalen eta Kale Zaharrean zumitzez egindako izarrak jarriko dira apaingarri gisa.

Apaintze lan hauek datorren astean zehar egingo dira. Guztia, ostiralerarko, hilaren 19rako prest egongo da, arratsalde horretan ixutuko baitira Gabonetako argi apaingarriak.

Iturria: Oñati irratia

Argazkia: Foruen enparantzako argakiak jartzen (Oñatiko Udala)