Plazako Gernikako arbolaren mendeurrena ospatzeko ekitaldia egingo da arratsaldean haritzaren bueltan

2017/02/03
Herritarrak parte hartzera gonbidatu dira Udaletik

  Gonbidapena Mikel Biain alkateak egin zuen pasa den osteguneko Osoko Bilkuran Zorionak Gernikako Haritzari izenburuko adierazpen instituzionala irakurtzerakoan. Atzo bete ziren ehun urte Gernikako arbolaren kimua Oñatin landatu zela, baina mendeurreneko ospakizunak gaur arratsaldean egingo dira. Dagoeneko azaldu denez, ekitaldia 18:30tan hasiko da bandaren eskutik, ordu erdiko girotze emanaldia eskainiko baitu kontzejupean. 19:00tan udal korporazioa haritz ondora hurbilduko da txistularien laguntzaz. Alkateak hitz batzuk egingo ditu eta Oñatzekoek aurreskua dantzatuko dute ondoren. Jarraian, mendeurrena gogoratuko duen plaka bistaratuko da. Kantuak hartuko du lekukoa amaitzeko, lehenik bertsolarien jardunaz eta ondoren,  Jose Mari Iparragirreren Aloña mendi aldamenian eta Gernikako arbola abestuz. Bertaratzen diren herritarrak, musika banda eta herriko abesbatzekin batera aritzera animatzen dira.  Bitartean, eta arbolaren bueltan,  100 kandela jarriko dira.

  Udalbatza osatzen duten bi taldeek adostuta egingo dira omenaldi ekitaldiok eta biek aho batez berretsi zuten urtarrileko Osoko Bilkuran irakurri zen adierazpen instituzionala. Orain 100 urte, 1917ko urtarrilaren 27an egindako Osoko Bilkuran, Gernikako arbolaren kimutik sortutako haritz txikia plaza eta frontoiaren artean landatzea erabaki zela gogorarazten du adierazpenak. Eta Gernikako arbolak eta Gernika herriak berak duten sinbolismo eta garrantzia azpimarratu zen.

Iturria: Oñati Irratia