Plazako Gernikako Arbolaren adar bat apurtu eta jausi da gauean

2016/10/18
Card image cap
Itxuraz ondo dagoen haritzaren barruko egoera aztertuko da, ez usteko istripurik gerta ez dadin

  Ez da lehen aldia plazako haritzaren adar bat apurtu eta jolaslekura jausten dela. Azken urteetan, hirutan behintzat gertatu da. Azkena, bart gauean bertan. Zorionez ez da aparteko ondoriorik izan baina jendea dabilen ingurua da eta haurrak jolasean ibiltzen diren lekua. Horregatik, eta ez usteko istripurik gerta ez dadin, arbolaren benetako egoera eta osasuna aztertuko da. Urte asko ditu Gernikako arbola moduan ezagutzen denak eta itxuraz osasuntsu dagoen arren, pisu eta zabalera handiko adarrak ditu eta ikusi denez, guztiak ez daude behar bezain sano. Atzo ez baitzuen aparteko haizerik egin eta apurtu zena, diametro handiko adarra izan zen. Jausitakoa ikusi bezain pronto, udal langileek adarra moztu eta erretiratu dute.

  Udazkena aurrera doa eta kimaketa lan bereziak planifikatzeko garaia da hau. Horretan dihardute Udaleko Zerbitzu Departamentuko eta lorezaintzako ordezkariek. Udazken-neguan egin beharreko kimaketa lanen plangintza osatzerakoan hildako zuhaitzak, apurtzeko arriskuan daudenak edota dauden lekuan arrisku berezia sortu dezaketenak jasotzen dira, beti ere, premia eta lehentasunen arabera zerrendatuta. Baina aldi berean, aurrez zehaztuta zeuden kimaketak egiten hasi dira jada. Berezao inguruan esaterako, arbol batzuk kimatzen hasi dira aste honetan bertan.     

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!